Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hayek, Friedrich August von

Britainiar ekonomista, austriarra sortzez (Viena, 1899 - Friburgo, 1992). 1938an Britainia Handiko herritartasuna hartu zuen. Zuzenbide eta ekonomia ikasketak egin zituen, Vienako Unibertsitatean. 1921etik 1931ra, Ikerkuntza Ekonomikorako Institutu Austriarreko zuzendari izan zen, eta 1929tik 1931ra, Vienako Unibertsitatean lan egin zuen. 1931-1950 bitartean ekonomia eta estatistikako irakasle izan zen, Londresko Unibertsitatean. Mont Pelerin elkarteko sortzaileetako bat izan zen, eta ohorezko lehendakari. Elkarte horrek mendebaldeko ekonomistak, legelariak, enpresaburuak eta kazetariak biltzen ditu pentsamendu liberala aztertu eta zabaltzeko asmoz. 1951tik aurrera zientzia moral eta sozialetako irakasle izan zen Chicagoko Unibertsitatean. 1962an Europara itzuli zen, Friburgoko Unibertsitateko Ekonomia irakasle izendatu zutelako. 1974an, Karl Gunnar Myrdal suediarrarekin batera, Ekonomiako Nobel saria jaso zuen, diruaren teoriari buruzko lanengatik, eta fenomeno ekonomiko, sozial eta instituzionalen arteko loturen azterketengatik. 1977 arte, Salzburgoko Unibertsitateko irakasle izan zen. Haren pentsamenduak sozialismotik merkatu libreko ekonomiaren defentsarainoko bidea egin zuen, eta Vienako Eskolako ekonomista nagusietako bat bihurtu zen. Bere teoriak Keynesen pentsamenduari kontrajartzen zaizkio. Ehunka saiakera eta 15 liburu baino gehiago idatzi ditu. Lan nagusiak: Prezioak eta produkzioak (1931), Kapitalaren teoria hutsa (1941) eta Morrontzarako bidea (1944). Merkatu ekonomiaren defendatzaile sutsu eta estatuaren esku-hartzearen etsai izaki, bere ideiak izan ziren Estatu Batuetako lehendakari Ronald Reaganen eta Britainia Handiko Margaret Thatcherren politika ekonomikoen oinarri nagusia.