Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haydn, Joseph

Austriar musikagilea (Rohrau, 1732 - Viena, 1809). Gaztetatik musikarako dohain bereziak erakutsi zituen. 1740an Vienako katedraleko koruko kantari hasi zen eta1748 arte han jarraitu zuen. Ez zuen musika heziketa berezirik inorengandik hartu: bere gisa ikasi zuen, Fux, Mattheson eta Karl Philipp Emmanuel Bach musikarien obretatik. Lehen lanak Von Fürnberg baroiaren orkestra txikiarentzat idatzi zituen: divertimento-ak, nokturnoak, kuartetoak (1755). Lau urte geroago Von Morzin kondearentzat lan egin zuen denbora labur batez, hark Bohemian zuen gazteluan. 1761ean Esterhazy familiaren zerbitzutan sartu zen. Horrek berebiziko eragina izan zuen, Nikolas printzearen koru zuzendari izan baitzen 1766-1790 bitartean. Hogeita bost urteotan Esterhazytarrek beren egoitzetan (Viena, Eisenstadt, Esterhaz gaztelua) emandako jai guztietako musika Haydnek egina zen. Halakoetan, orkestra txiki bikain baten buru zela, handik gutxira Europa osoan ezagun bihurtuko ziren operak, sinfoniak, sonatak eta kontzertuak aurkeztu zituen, eliz musikarekin batera. Heldutasun aro hartakoak dira, besteak beste, Stabat Mater (1767), Agurrena deituriko sinfonia (1772) eta Missa Sancta Caecilia (1773). Nikolas printzea hil zenean (1790), Ingalaterrara joan zen, urteetako deiei erantzunik. Londresen harrera beroa izanik, bi egonaldi egin zituen hiri hartan (1791-1792, 1794-1795). Bidaia horiek zirela eta, obra berriak ondu zituen, hala nola 102, 103 eta 104. Sinfoniak. Austriara itzulirik, berriro hartu zuen koru zuzendari postua Nikolas II.a Esterhazyrekin. Azken aro honi dagozkio Kreazioa (Die Schöpfung, 1798) eta Urtaroak (Die Jahreszeiten, 1801) oratorioak. Azken sei mezak (1796-1802) eta sei kuartetoak (1797) ere guztiz aintzat hartuak dira. Vienan iraganiko azken urteak gaixotasunak eta gerrak ilundu zizkion, musikagile gazteen ezagutzak eta adiskidetasunak apur bat gozatu bazioten ere. Napoleon Vienan sartu eta handik hiru astetara hil zen, 1809ko maiatzaren 31n. Emankortasun harrigarriko musikagilea izan zen. Ahots-musikaren sailean: 36 lieder, Eskoziako eta Galesko kantuen bilduma, kantatak, oratorioak, 14 meza, Stabat Mater bat, bi Te Deum, 14 eskaintza, 4 motete eta beste hainbat obra. Musika instrumentalari dagokionez, berriz: 53 sonata pianorako, 77 kuarteto, tresna desberdinetarako 65 trio, sexteto bat, kinteto batzuk, eco bat 4 biolin eta bi biolontxelorako, harparako sonata bat, 4 sonata piano eta biolinerako, 125 sinfonia edo obertura, 7 martxa, 6 scherzando, 20 kontzertu pianorako eta 34 kontzertu hainbat tresnatarako. Musika dramatikoa: 24 opera edo singspiele (horietarik 13 italiar estilokoak) eta 22 aria. Tresnaz jotzeko musikagintzan gailendu zen nagusiki. Beethovenek eta Mozartek aitortu zuten Haydnen eragina (alderantziz ere, Mozarten obrek eragina izan zuten Haydnen azken aldiko zenbait lanetan). Zorroztasuna, oreka, argitasuna, dotorezia eta sosegua dira Haydnen musikaren ezaugarriak. Haydnen ekarpena erabakigarria izan zen sonata eta sinfonia klasikoaren behin betiko egitura finkatzeko. Ganbera musikaren alorrean berak ezarri zuen hari kuartetoaren egitura, gero Mozartek eta Beethovenek eredu formaltzat hartu zutena. Erlijiozko obretan ez dago dudarako edo hersturarako lekurik eta fedearen sendotasuna modulazio samurrez zein indartsuz adierazten du. Azken barrokoaren garaikoa bazen ere, erromantizismoaren sentiberatasun moldeak iragarri zituen bere obran.