Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Havre, Le

Frantziako hiria, Seine-Maritimeko suprefetura, Seine ibaiaren eskuineko ertzean eta bokalean. 219.600 biztanle. Hiria 1517an sortu zen eta herrialdearen nekazaritza aberastasunak ekarri zion garapena. Richelieuk eta Vaubanek gerrako portu bihurtu zuten. XIX. mendeko merkataritza jarduerak eraginik, hazialdi bikaina izan zuen. Bigarren Mundu Gerran portua erabat suntsitua eta hiria jota gertatu ziren. Gaur egun, geroztik egindako lanei esker, itsasontzirik handienak ere sar daitezke. Frantziako portuetan Atlantikoan zeharreko joan-etorri gehiena duena da; bigarrena, berriz, merkataritza jarduerari dagokionez (53.960.000 tonako sartu-irtena 1983an), eta Europako hirugarrena. Produktu tropikalez gainera, hidrokarburoak sartzen dira, batez ere (hala Petit-Couronne, Port-Jérôme eta Gonfreville-ko findegiak, nola Parisko eskualdeak, petroliobideen bidezko lotura dute Le Havrerekin). Hiria ere industria handiz horniturik dago: itsasontzigintza, eraikuntza mekanikoak, petrokimika industriak, zurgintza.