Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hawkes, John

Estatubatuar idazlea (Stamford, Connecticut, 1925 - Providence, Rhode Island, 1998). Eleberri berezi batekin hasi zen literaturan, esperimentalismoaren bidetik: The Cannibal (1949, Gizajalea), gerrak suntsitutik utzi zuen Alemanian kokatuta dago eta eleberriko pertsonai nagusia, motordun amerikarra, alemaniar garaituei oldartzen zaie. Ildo berean segitu zuen Lunar lanscapes (1969, Ilargi moduko ikuspegiak) izeneko kontakizun laburren bilduman; 1964an argitaratutako Second skin (Bigarren larrua) eleberrian, berriz, maitasuna eta indarkeria kontrajartzen dira, Shakespeareren komedietan bezala. Erotismoa eta pornografia gaiak ere erabili ditu bere eleberrietan. Harenak dira, besteak beste: The blood oranges (1971, Odolezko laranjak), Death, sleep and the traveller (1974, Herioa, ametsa eta bidaiaria), The passion artist (1979, Pasioaren artista), Virginie: her two lives (1982, Virginie: haren bi bizitzak). Hauek dira bizitzako azken urteetan argitaratu zituen lanik aipagarrienak: Abenturak larruaren merkataritzan Alaskan (1985); Argazkilaria eta bere modeloak (1988); Igela (1996). Lan horietan, aurrekoetan bezala, gizakiaren patuaren egitura eskizofrenikoa landu zuen bereziki Hawkesek.