Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Havelange, João

Brasildar kirolaria eta kirol buruzagia (Rio de Janeiro, 1915). Fédération Internationale Football Asociation (FIFA) erakundearen lehendakari 24 urtez. Zuzenbide ikasketak egin zituen. Kirolari gisa, 1936ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, igeriketan, eta 1952koetan gero, Brasilgo waterpolo selekzioarekin. Kirol buruzagi gisa, bere lehenengo kargua (1937) Flamengoko waterpolo selekzioko zuzendaritza izan zen. Gero Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (COI) kide izan zen, eta Brasilgo Futbol Konfederazioko lehendakari. 1974an FIFAko lehendakari kargua hartu zuen. Futbola sustraitua ez zegoen herrialdeetara zabaldu zuen bere agintaldian, eta Munduko Txapelketaren nazioarteko oihartzuna handitzea lortu zuen (bere agintaldian txapelketaren azken fasea 16 selekziotik 32ra zabaldu zen), enpresa multinazional askoren atxikimendua lortzeaz gainera. Havelangeren aurkariek, bere herrikide Pelek besteak beste, FIFA nagusikeriaz gidatzeaz akusatu zuten. Bere agintaldiaren bukaeran tirabira gogorrak izan zituen Europako Futbol Elkartearekin (FIFA), eta Afrikako eta Asiako futbol elkarteen babesari esker eutsi zion karguari.