Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hauptmann, Gerhart

Alemaniar idazlea (Obersalzbrunn, 1862 - Agnetendorf, 1946). Zolaren eragina nabaria duen lehen dramarekin, Vor Sonnenaufgang (1889, Egunsentiaren aurretik) Alemaniako naturalismoaren ezaugarriak finkatu zituen: alde batetik, giroak eta pertsonaiaren jatorriak berebiziko garrantzia dute, eta bestetik, dialektoak erabiltzen dira. Handik hiru urtera bere obra nagusia idatzi zuen: Die Weber (Ehuleak). Lehen idatzaldian Silesiako dialektoz idatzia zen drama horretan, Silesian 1844an gertaturiko matxinada kontatu zuen molde epikoen bidez. Naturalismoaren barruan sartzen diren beste lan batzuk dira: Einsame Menschen (1891, Arima bakartiak); Florian Geyer (1896); Michael Kramer (1900). Joera mistiko eta sinbolista erakutsi zuen beste zenbaitetan: Hanneles Himmelfahrt (1896, Hanneleren igoera zerura); Die versunkene Glocke (1896, Ezkila urperatua). Beste hirugarren bide bat ere erabili zuen, ohitura komediarena: Der Biperpelz (1893, Kastor larrua), Berlingo gaizkileen eta poliziaren arteko borroka gaia duena. Lehen Mundu Gerraren ondoren eleberria landu zuen batez ere. Alor horretan ere, gai aniztasun bera erakutsi zuen: Emanuel Quint, Der Narr in Christo (1910, Kristorengan eroa), Der Ketzer von Soana (1918,Soanako heresea), Die Insel der grossen Mutter (1924, Ama Handiaren uhartea. Sinbolo eta mitoarekiko atxikimenduak poema epiko eta kosmiko handiak idaztera bultzatu zuen: Till Eulenspiegel (1927), Amets handia (Der grosse Traum, 1942). Egile honen obra oparoa –45 drama, 18 eleberri eta kontakizun liburu, 6 olerki eta 3 poema liburu– bere garaiko Alemaniako gizartea ulertzeko nahitaezko erreferentzia da. v Literaturako Nobel saria jaso zuen 1912an.