Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Harispe, Jean-Isidore

Frantses mariskala, Nafarroa Beherean jaioa (Baigorri, 1768 - Lakarra, 1855). Pirinioetako mugak babesteko sortu ziren Chasseurs Basques izeneko lau konpainietako batean sartu zen bere anaiekin batera hogeita lau urte zituela. Baigorriko lurrak babestu zituen Konbentzioko gerran (1792-1795), Espainiako armadaren aurka, eta koronel izendatu zuten, Arrola, Izpegi eta Berdaritzeko guduetan nabarmendu ondoren. Chasseurs Basques izeneko konpainiak desegin ondoren, Napoleonen laguntzaile izan zen Harispe, eta Napoleonen konkista asmoen alde agertu zen 1804. urtean, Frantziako Inperioa aldarrikatu zenean. Alemaniako Jenako guduan zauritu zuten 1807an eta Brigadako jeneral izendatu zuten ondoren. Iberiar Penintsulara jo zuen 1808an eta bost urtez borrokatu zen Espainiako gudarostearen aurka Tuteran, Zaragozan, Katalunian eta Sagunton. 1814an Ipar Euskal Herrira jo zuen, Soult mariskalak deituta, baina erretirada jo behar izan zuen Okzitaniako Tolosaraino, ingeles osteei ezin eutsirik. Dibisioko jeneral, Inperioko konde eta Ohorezko Lejioko ofizial izendatu zuten kanpaina haien ondoren. Inperioa deuseztatu ondoren, Napoleonen ondoan jarraitu zuen, hala ere, Harispek Ehun Egunetan (1815), Pirinioetako mugetako zaindari gisa, eta kargu guztiak kendu zizkion Luis XVIII.a Frantziako erregeak. Pirinioetako departamenduetako Komandante Nagusi izendatu zuten 1830. urtean eta Frantziako Pare bost urte geroago. Bere barrutiko diputatua izan zen, 1831 eta 1834. urteetan. Mariskal titulua, ordea, Napoleon III.aren eskutik jaso zuen 1852. urtean. Lakarrako bere gazteluan hil zen 87 urte zituela. P.P. Berzoitzek pastoral bat idatzi zuen Harisperen biziaz (1991).