Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Harald

Norvegiako zenbait erregeren izena. v Harald I.a Haarfager (“Adats ederrekoa”). Norvegiako erregea 872tik 933ra (850 inguruan - 933). Printze independenteak menderatu eta herrialdea batu zuen (872). Erreinua bere semeen artean zatikatu zuen, eta haien artean gerra piztu zen. v Harald II.a. Norvegiako erregea 961etik 970era (930 inguruan - 970). Aurrekoaren iloba, Haakon Zintzoa ezizenez, osabaren ondorengoa izan zen. Erregenahi askori garaitu zitzaion; ezin izan zuen, ordea, Norvegiako zatiketa eragotzi. Danimarkara deiturik, han hil zuten. v Harald III.a Hardrada (“Zorrotza”). Norvegiako erregea 1046tik 1066ra (1015 - Stamford Bridge, 1066). Norvegiatik egotzi zutelarik, Novgorodera joan zen lehenbizi, eta gero Konstantinoplara. Siziliaren errekonkistan esku hartu zuen (1038). Errusian Jaroslav printze handiaren alaba Elisabetekin ezkondu zen (1045). Norvegiara itzulirik, Magnus ilobarekin borrokatu zen, harik eta hark bere lurraldeen erdiak utzi zizkion arte. Magnus hiltzean (1047) erreinu osoa beretu zuen. Ingalaterran lehorreratu zen, indarrez hartu nahirik, baina han hil zuten. v Harald IV.a Gille. Norvegiako erregea 1130etik 1136ra. Magnus Barfot erregearen semea. Sigurd Jorsalafark eta haren seme Magnus bizi ziren bitartean erregegai ez izateko zina hautsirik, erreinuaren erdia ematera behartu zuen Magnus. 1135etik aurrera Norvegiako errege bakarra izan zen. Sigurd Slembek erregegaiak hil zuen.