Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haakon

Norvegiako zenbait erregeren izena. v Haakon I.a Zintzoa. Norvegiako erregea 935 ingurutik 961era (920 inguruan - Fitje, 961). Harald Haarfager-en semea zen. Erik Blodyks bere anaiordeari kendu zion erregetza, eta haren semeen aurkako borrokan hil zen. v Haakon IV.a (Haakonarsson Zaharra). Norvegiako erregea 1217tik 1263ra (Skarpsborg ondoan, 1204 - Kirkwall, Orkada uharteak, 1263). Eskoziarren aurka borrokatu zen Hebridak berreskuratzeko, eta Islandia eta Groenlandia Norvegiarako bereganatu zituen (1262). v Haakon V.a Magnusson. Norvegiako erregea 1299tik 1319ra (1270 - 1319). Aitonen semeen aurka borrokatu behar izan zuen bere erreinaldian, eta kanpoan, berriz, Danimarkaren eta Suediaren kontra. Berak ezarri zuen Oslo hiria Norvegiako erreinuko hiriburu. v Haakon VI.a Magnusson. Norvegiako erregea 1343tik 1380ra (1340 - 1380). Magnus VII.aren semea. Suediako arazoetan esku hartu zuen eta bertako erregetza beretu (1362). Margarita, Danimarkako Alberto erregearen alabarekin ezkontzean (1363) erreinu hura ere bere mendera ekarri zuen. Suediarrak matxinaturik, Meckelemburgoko Albertori utzi behar izan zion herrialde hura. Haakon hil ondoren, haren emazteak Eskandinaviako batasun politikari eusteko ahaleginean aurrera egin zuen, Norvegiako erregeordetzatik. v Haakon VII.a. Norvegiako erregea (Charlottenlund, Danimarka, 1872 - Oslo, 1957). Danimarkako Frederiko VIII.aren semea. Maud, Britainia Handiko Eduardo VII.aren alabarekin ezkondua (1896). Suedia eta Norvegia bereiztean, Norvegiako parlamentuak errege izendatu zuen (1905). Alemaniarrek herrialdea beretu zutenean (1940) ez zuen Quisling-en gobernua onartu eta Britainia Handira erbesteratu zen.