Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gujral, Inder Kumar

Indiar politikaria (Jhelum, egun Paskistan, 1919). Familia aberats eta ikasi batean hazi zen. Gurasoak India Britainia Handiaren manupetik askatzeko borrokatu ziren biak. Kristau eskola batean egin zituen lehen mailako ikasketak, Lahoreko Merkataritza Eskolan gero, Pakistanen, eta Punjabeko Unibertsitatean azkenik. 1930-1931 urteetan eta aurrerago ere, 1942an, kartzelan egon zen Indiaren askapenaren aldeko higikundean parte hartzeagatik. Gurasoak ere kartzelan sartu zituzten Bigarren Mundu Gerran, Britainia Handiaren aurkako ekintzetan parte hartzeagatik. 1959-1964 bitarteko urteetan New Delhiko Udal Batzordeko lehendakariorde izan zen. 1964an Rajya Sabha deritzon Legebiltzarreko kide izendatu zuten lehen aldiz. Legebiltzar horretako kideek 30 urte baino gehiago izan behar dituzte, eta legegintza batzordeek hautatzen dituzte, ez herritarrek. UNESCOko indiar ordezkaritzaren burua izan zen 1970, 1972 eta 1974. urteetan, eta Nazio Batuen babespean antolatutako konferentzietakoa ere beste askotan, 1970eko hamarraldian. 1967-1976 bitartean Indiako gobernuko ministro batzordeko kide izan zen, eta bost sail desberdinetan aritu zen. Askotan frogatu zuen berak bere printzipioei begiratzen ziela politika nagusiaren presioa gorabehera. 1975ean, adibidez, Informazio ministro zela Indira Gandhiren gobernuan, askatasun zibilik gabeko garai batean, kargutik kendu eta Moskura bidali zuten enbaxadore, albiste buletinak zentsuratzeko aginduari uko egiteagatik. 1989an Lok Sabha deritzon Legebiltzarreko kide hautatu zuten lehen aldiz (Lok Sabhako kideak herritarrek hautatzen dituzte zuzenean), eta legebiltzarkide gisa kanpo arazoez arduratu zen 1989-1991 bitartean. 1992an berriro hautatu zuten Rajya Sabhako kide. 1997ko apirilean Lehen Ministro hautatu zuten.