Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL)

1983-1987 urteetan Euskal Herrian –Ipar Euskal Herrian, gehienbat– jardun zuen ETAren aurkako talde armatu parapoliziala, datu guztien eta sententzia judizial ugariren arabera urte haietan Espainian agintean zegoen gobernu sozialistak eta estatuko beste zerbitzu batzuek antolatua eta eragina. ■ ETAren aurkako gerra ustelaren emaitza latza izan zen, berrogei ekintzatik gora egin baitzituen taldeak jardunean eman zituen urteetan. GALek, oro har, beste atentatu batekin erantzuten zion ETAren atentatu bakoitzari. Aurreneko ekintza ezaguna Segundo Mareyren bahiketa izan zen 1983ko azaroan, nahiz eta horren aurrekoa izan urte askoren buruan argituko zen Lasa eta Zabala iheslarien bahiketa eta hilketa. GALen atentatuek eragin zituzten zaurituak ahaztu gabe, hauek izan ziren hildakoak: Joxean Lasa eta Joxi Zabala, Ramon Oñaderra eta Mikel Goikoetxea 1983an; Angel Gurmindo eta Bixente Perurena, Eugenio Gutierrez, Jean Pierre Leiba, Xabier Pérez de Arenaza, Rafael Goikoetxea, Tomás Pérez Revilla, Christian Olaskoaga eta Santi Brouard –Hego Euskal Herrian egin zuten ekintza bakarrean– 1984an; Bênoit Pecasteing, Xabier Galdeano, Emile Weiss eta Claude Doerr, Santos Blanco, Juan Mari Otegi, Jose Mari Etxaniz, Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide –Mon Bar tabernaren aurkako atentatuan laurak– eta Robert Caplane 1985ean; Christophe Matxikote eta Catherine Brion 1986an, eta Juan Carlos García Goena 1987an. Ustezko ETAko kide eta buruzagiak, euskal iheslariak, mugimendu abertzaleekin, ETArekin edota iheslarien inguruko mugimenduekin zerikusirik ez zuten hiritar frantses arruntak, HBko Santi Brouard... GALen ekintzak erabat indiskriminatuak izan ziren kasu askotan. Hilketa gehienen egile zuzenak ordainpeko mertzenarioak izan ziren, kasu askotan Espainian, Frantzian zein Portugalen atxilotuak eta, zenbaitetan, epaituak eta kondenatuak izan direnak. Horietako asko, baita hainbat lekuko ere, zirkunstantzia oso bitxitan hil dira. ■ Azken urteotan maratila judizial eta politiko izugarria bilakatu da GAL afera. Atentatuak hasi bezain pronto, hainbat komunikabide GALen inguruko ikerketak egiten eta informazioa banatzen hasi ziren, baita GAL gobernu sozialistarekin eta estatuaren beste egitura batzuekin lotzen ere. GALen inguruko lehenengo sumarioa 1988an ireki zen –1/88 sumarioa, ondorengoen ardatz edo izan dena– urte hartan Auzitegi Nazionalera heldu berria zen Baltasar Garzón epaileak GALen inguruko ikerketari ekin zionean. Komunikabideen ikerketa lanetan gehien aipatzen ziren José Amedo eta Michel Domínguez polizia espainiarrak izan ziren lehenengo auzipetu, epaitu eta kondenatuak: 1988an atxilotu zituzten eta 1991n egin zen epaiketa, sententzia 1992koa izanik. Epaiketa hartan, ordea, ez zen funtsezko gauzarik argitu ez GALen benetako erantzuleei buruz ezta finantziazioari edota inplikazio politikoei buruz ere. GAL afera 1994an biziberritu zen. Ordu arte informazio asko gorde zuten Amedok eta Domínguezek indultua eskatu zioten gobernuari. Gobernuak, ordea, ehun urtetik gorako kartzela zigorrak arindu zizkien hirugarren gradua baino ez zieten eman, eta zekitena kontatzen hastea erabaki zuten. Amedo eta Domínguezen adierazpenek zuzenean inplikatu zituzten administrazio sozialistan postu garrantzitsuak izan zituzten politikari eta funtzionarioak. GALen garaiko Espainiako Barne Ministerioa bete-betean jo zuten adierazpen haiek, eta horien ondorioz 1/88 sumarioa berrireki eta Julian Sancristóbal Bizkaiko Gobernadore ohia, Ricardo García Damborenea buruzagi sozialista eta Ángel Álvarez eta Miguel Planchuelo auzipetu eta kartzelaratu zituzten Garzón epailearen aginduz. Haiek Jose Barrionuevo ministro ohia eta Rafael Vera Estatuko Segurtasunaren arduraduna inplikatu zituzten, baita epaileak auzipetu ere. Jatorrizko sumarioa beste sumario askotan zatitzea erabaki zuen Garzón epaileak, eta orduz geroztik behin eta berriro gurutzatu dira bide judizial korapilotsuan sumarioak, auzipetzeak, aitorpenak... Frantzian ere epaitu eta kondenatu zituzten GALen hainbat mertzenario, nahiz eta frantziar justiziak ez egin aparteko ahaleginik datu berriak sortu ahala sumarioak berrirekitzeko. ■ Oro har, hiru ikerketa alor landu dira gehienbat: Guardia Zibilari lotutako “GAL berdea”, Barne Ministerioaren inguruko “GAL urdina” eta CESID eta inteligentzia zerbitzuen inplikazioa erabat argitu gabe utzi zuen “GAL marroia”. Espainian hiru sententzia nagusi eman dira GAL aferaren inguruan: Amedo eta Domínguezi sei hilketaren eragile izateagatik 108 urteko kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Gorenaren 1992ko martxoaren 12koa; Segundo Mareyren bahiketaren inguruan Auzitegi Gorenak 1998ko uztailean emandakoa, eta Lasa eta Zabalaren bahiketa eta hilketaren inguruan Entzutegi Nazionalaren 2000ko apirilaren 26koa. Segundo Mareyren bahiketaren inguruko sententzian hiru delitu hartu ziren kontuan, auzipetutako bakoitzak izan zuen arduraren arabera: diru publikoen erabilera maltzurra, bahiketa eta legez kanpoko atxiloketa. Auzitegi Gorenak, ordea, errugabe aitortu zituen talde armatu bateko kide izateaz, eta –askori eskandalagarria iruditu bazitzaion ere– GAL ez zen banda armatu antolatutzat hartu. Isun eta kalteordainak ordaintzera behartzeaz gain, José Barrionuevo, Rafael Vera eta Julian Sancristóbali hamar urteko kartzela zigorra ezarri zieten; Álvarez, Planchuelo eta Amedo poliziei, bederatzi urte eta sei hilabetekoa; Ricardo García Damborenea zazpi urtera kondenatu zuten. Bahiketaren egile materialen kondenak arinxeagoak izan ziren: bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jaso zuten Julio Hierro eta Francisco Sáizek, eta bost urtekoa Luis Hens eta Juan Ramon Corujok. Domínguezek, berriz, bi urte eta lau hilabeteko kondena jaso zuen bahiketaren konplize izateagatik. Horretaz gain, 30 milioi pezetako kalteordaina jasotzeko eskubidea aitortu zion epaiak Segundo Marey-ri. Kondenatuek Auzitegi Konstituzionalaren aurrean errekurtsoa aurkeztu zuten, baina Auzitegiak berretsi egin zuen kondena 2001eko martxoan. Kartzelan hilabete batzuk egin ondoren, aske gelditu ziren José Barrionuevo eta Rafael Vera PP-ren gobernuak 1998an eman zien indultu partzialari esker. Marey aferaren ondorioz GALi lotutako bigarren kondena jaso zuten Amedo eta Domínguez ere baldintzapeko askatasunean gelditu ziren 2000 urtean. Amedo polizia ohia 2000ko ekainean geratu zen baldintzapeko askatasunean. Bi kondenak batuta, 117 urteko kartzela zigorra zuen guztira. 1988ko uztailetik 1994ra kartzelan egon zen, eta urte horretan –nahiz eta ehun urtetik gorako kondenaren sei urte baino ez izan beteak– hirugarren gradua eman zion orduko gobernu sozialistak. 12 urteko kartzelaldia egin zuen –horren zati handi bat erregimen irekian–, baina erredentzioei esker 12 urte horiek 23 bilakatu ziren kondenaren betetze-mailari dagokionez. Gehienez ere kartzelan 30 urte eman daitezkeenez, betetzat eman zizkioten kondenaren hiru laurdenak eta, horren arabera, baldintzapeko askatasuna eskatu ahal izan zuen, baita lortu ere. Domínguezek ere prozesu bera jarraitu zuen; guztizko kondena 110 urtekoa izanik, bera ere 1988tik 1994ra egon zen kartzelan, hirugarren gradua eskuratu eta erregimen irekian 1994tik aurrera. Gauero kartzelara biltzeko beharra ere saihestu zuen Domínguezek 1994an Baltasar Garzón epailearen baimen berezi bati esker. Baldintzapeko askatasuna Amedok baino sei hilabete geroago lortu zuen Domínguezek, 2000ko abenduan. ■ Beste sententzia garrantzitsu bat Lasa eta Zabala kasuari buruzkoa izan zen. 1983an desagertu ziren bi iheslariak Ipar Euskal Herrian. Nahiz eta orduan bertan telefono dei batez bidez bere gain hartu gazte bien bahiketa eta hilketa GALek eta gorpuak non zeuden argitu, Guardia Zibila eta justizia ez ziren 1995 arte hasi auzia ikertzen. Bost urtez luzatu zen instrukzioan eta 2000n amaitu zen epaiketak argitu zuen nola bahitu, galdeketa egin, hil eta lurperatu zituzten Lasa eta Zabala. Enrique Rodríguez Galindo Guardia Zibilaren jenerala eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore ohia hartu zituen sententziak krimen haien arduradun nagusitzat, eta Ángel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Dorado Villalobos egiletzat. Rafael Vera eta Jorge Argote abokatuari delituak estaltzea egotzi zien epaiak. 92 urteko kondena bana jaso zuten Rodríguez Galindo eta Elgorriagak; 90 urtekoak Bayok, Doradok eta Vaquerok, eta 2na urtekoak Verak eta Argotek. Sententzia horretan ere, ordea, ez zen erabat finkatu GALen izaera, eta ez zen bete-betean talde armatu antolatutzat jo. Sententzia ezagutzera eman bezain pronto kartzelaratu zituzten Rodríguez Galindo, Elgorriaga eta Vaquero. Dorado eta Bayo kartzelan zeuden ordurako. 2000ko azaroan onartu zituen Auzitegi Gorenak bost kondenatuek aurkeztutako kasazio-errekurtsoak. Lasa-Zabala auziaren fiskalak berak esan zuen bere amaierako txostenean erdizka itxiko zela kasua eta, ikerketak jasandako eragozpen larrien ondorioz, ezinezkoa gertatu zela “maila gorenari” errua egoztea. Bestalde, epaiketan zehar behin eta berriro gelditu zen agerian CESIDen inplikazioa, baina bide horretatik ere oso gutxi aurreratu da, nahiz eta horretarako saiorik egin Garzón epaileak beste sumario batzuetan ere. Izan ere, argitu gabe jarraitzen du hasiera-hasieratik GALen arduradun nagusi bezala finkatu zen “X” delakoa. Baltasar Garzón epaileak behin baino gehiagotan eskatu du Felipe González auzipetzea, eta horixe izan da GAL afera erabat argitu nahi izan dutenen eskaera nagusia. Kasu guztietan, ordea, itxi egin dira horretarako bideak. ■ 2001eko hasieran, jardunbide fase desberdinetan edota artxibatuta baina itxi gabe dauden sumarioen artean deigarriena, Santiago Brouarden hilketaru buruzkoa da. Data hori arte, sumario korapilatu hori ez zaio zuzenean atxiki GAL aferari, nahiz eta horretarako urratsak egin azken urteotan. Santi Brouard HBko buruzagia 1984ko azaroaren 20an hil zuten tiroz Bilbon. Lehenengo epaiketa batean, Rafael López Ocañari 33 urteko kartzela zigorra jarri zioten Brouarden hiltzailetzat hartua izan ondoren. Auzia 1997an ireki zen berriz, Luis Morcillo, hilketarekin erlazionatu zutenez geroztik desagertuta zegoena, droga trafikoarekin zerikusia zuen delitu baten ondorioz atxilotu zutenean. Bilboko 1. Instrukzio Epaitegiko José Luis González Armengolek 1999ko azaroaren 22an amaitu zuen sumarioaren instrukzioa. Bederatzi lagun auzipetu ziren sumario horretan: Julián Sancristóbal Segurtasunerako Zuzendari Nagusi ohia; José Amedo, Michel Domínguez, Rafael Masa, Jesús Martínez Torres, Francisco Álvarez, Antonio Rosino eta Miguel Planchuelo segurtasun indarretako kideak eta ustez hiltzaile izan zen Luis Morcillo bera. Sumarioaren arabera, Luis Morcillo eta Miguel Ángel López Ocaña –auzipetu aurretik hila– izan ziren hiltzaileak. Luis Morcillok 50 milioi pezeta jaso zituen horregatik eta Miguel Ángel López Ocañak zazpi milioi eta erdi. Instrukzio berriaren arabera, errugabe zen ordurako hamar urte kartzelan zeramatzan kondenatu bakarra, Rafael López Ocaña, Miguel Ángelen anaia. Hilketa antolatzea eta ordaintzea, ordea, Julián Sancristóbali egotzi zion epaileak. Amaigabeak dirudite sumario honen inguruko hika-mikak –besteak beste, auzipetzeen inguruko gorabehera ugari izan da eta epailaren lana ere kritikatua izan da, berak mehatxu eta presioak salatu dituen artean–, baina aipagarria da Baltasar Garzón Entzutegi Nazionaleko epaileak zein EAEko Justizia Auzitegi Gorenak eskatua dutela sumario hori Entzutegi Nazionalaren esku geratzea, ukaezina baitirudi GAL aferarekiko lotura zuzena duela, nahiz eta –2001. urtearen hasiera arte, bederen– ez izan horrela tratatua. Izan ere, Espainiako gobernuak 2001eko urtarrilean terrorismoen biktimei emandako laguntzen artean Santi Brouarden kasua ere hartu zuen aintzat, GALen biktimatzat hartuz. Besteak beste, argudio hori erabili izan du Baltasar Garzón epaileak Brouard auziak jurisdikzioz aldatu eta Auzitegi Nazionalera heldu behar duela aldezteko. 2001. urtearen hasieran, argitzetik urrun daude oraindik GALen hainbat hilketa eta, nahiz eta sententzia askotan frogatuta utzi Espainiar estatuaren inplikazioa hainbat agintari politiko, funtzionario eta erakunderen bidez, justiziak ez du finkatu norena izan zen goi mailako erantzukizuna. Frantziak GAL kasuan izan duen jarrerak ere kritika latzak jaso ditu, ez baita aparteko ikerketarik egin, bertan harrapatutako edo Espainiak entregatutako hiltzaileren batzuk epaitzea izan ez bada.