Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grün, Max von der

Alemaniar idazlea (Bayreuth, 1926 - Dortmund, 2005). Langile familia batean hazi zen. Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetako gudarosteak preso hartu zuen. Aske utzi zutenean, igeltsero hasi zen, baina istripu larri bat izan zuen eta langintza utzi behar izan zuen. 1950eko hamarraldian argitaratu zituen bere lehen poemak eta narrazio laburrak sindikatuen argitalpenetan. 1961ean, Fritz Hüserrekin batera “61-eko Taldea” sortu zuen. 1962an Dortmunden jarri zen bizitzen, eta literatura lanetan murgildu zen. Alemaniar idazle ezagunenetako bat da Alemaniatik kanpo, bere langile literatura soziokritikoarengatik. Dena dela, idazleak berak ez zituen bere testuak “langile literaturatzat” hartzen, nahiz eta lanaren mundua zen bere eleberrien eta kontakizunen gai nagusia eta gertalekua. Haren lehen eleberriak –Männer in zweifacher Nacht (1962, Gizonak gau bikoitzean)– meatoki bateko larritasun egoera deskribatzen du: nola bost meatzarik, luizi baten ondoren, bost egun eta bost gau igarotzen dituzten meategian barruan, askatzen dituzten arte. Irrlicht und Feuer (1963, Argi txakurrak eta sua) eleberrian, protagonistak meatzariek dituzten lan baldintza kaskarrak salatzen ditu nagusien aurrean. Beste obra batzuetan ere –Die Lawine (1986, Elurbizia)–, pertsonaiak gizaki gisa behar duten askatasunaz gabetzen dituen espazioetan aurkitzen dira. Beti langile gaiak landu zituen arren, Von der Grünek ez zuen joera politiko jakinik adierazi; berak gizakiak eguneroko bizitza –eta beraz, lana ere bai– duintasunez bizitzeko duen eskubidea besterik ez zuen defendatu.