Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gramatika

iz. Hizkuntza jakin baten osagaien (hotsen, formen, joskeren) azterketa eta azalpena. v Hizkl. Aro Modernoko gramatikarientzat hizkuntzaren barneko egitura da gramatika, hizkuntza jakin batean mintzatzen den edonork senez ezagutzen duena. Hizkuntzaren alorren deskribapena ere gramatikaren zeregina da: fonologia (hotsak), morfologia (hitzen eraketa sistema), sintaxia (hitzen antolamendu ereduak) eta semantika (esanahiak). Gramatika aztertzeko ikuspegiak kontuan hartuta hiru gramatika mota bereiz daitezke: arauemailea (hizkuntza egoki erabiltzeko arauak ematen dituena), deskribatzailea (hizkuntza nola erabiltzen den esaten duena) eta sortzailea (hizkuntza batean eman daitezkeen esaldi azken gabeen erabideak zehazki eta esplizituki ematen dituena). v Greziarrek egin zuten Europako lehenengo gramatika, eta Greziako literatura ikertzeko erabili zuten, batez ere. Erromatarrek greziarren eredu bera hartu zuten latinezko gramatikak egiteko, eta bai batak eta bai besteak hizkuntza estandarra finkatu zuten. XIII. mendean modistek hizkuntza errealitatearekin lotuta ikusi zuten eta gramatika unibertsala proposatu zuten gizon guztiek elkar ulertzeko. XVII. mendean Port Royal-eko gramatikariek gramatikaren osagai unibertsalak aurkitu nahi izan zituzten, hitz egiteko gaitasuna gizonak bakarrik duen gaitasuna zelakoan. 1700. urterako 61 gramatika, tokian tokikoak, argitaratu ziren. Gramatika horien arauak hizkuntza idatzia zaintzeko edo hizkuntza estandarrak moldatzeko eginak ziren batez ere, baina sarritan arau horiek ez ziren ahozko hizkeran betetzen. v XIX. mendean gramatikarien artean ikuspegi historikoa nagusitu zen, eta bizirik zeuden hizkuntzak aztertu ziren, historian zehar izan zituzten aldaketak ikusteko; hizkuntza nondik zetorren jakitea zuten azken helburua (hizkuntza familiak eratu…). Horren ondorioz, gramatikariek bi modu ikusi zituzten hizkuntzak ikertzeko: sinkronia bidezkoa eta diakroniazkoa. Ferdinand de Saussure hizkuntzalari suitzarrak ahozko hizkuntza aztertu zuen gramatikaren alor guztietan. Saussure izan zen gramatika edo hizkuntzalaritza estrukturalistaren sortzailea, eta, orobat, hizkuntza nolakoa den eta ez nolakoa izan behar lukeen aztertzen saiatzen den hizkuntzalaritza modernoari ateak zabaldu zizkiona. ik. estrukturalismo. v Gramatika sortzailea. XX. mendeko bigarren zatiko gramatikarien joera, hizkuntza bat jatorriz dakienak hizkuntza hartan etorri ahala esaldi sortzeko eta ulertzeko duen ezagutza aztertzen duena. Saussurek eta gramatikari deskribatzaileek hizkuntza(-k) eta hizkuntzaren (edo hizkuntzen) egitura aztertzen zuten, eta sortzaileek hizkuntzaren sakoneko egitura ikertzea zuten helburu. Hizkuntza txikitatik dakitenek ezagutzen dituzten arauak edo “gaitasuna” (competence, “hizkuntzaren senezko ezaguera”), eta hizkuntzaren aldian-aldiko erabiltzeak edo “ekintzak” (performance) aztertzen ditu. Gramatikari sortzaileek diotenez (Chomsky da teoria horren bultzatzaile nagusia) hizkuntzetako gramatika guztiek eredu bera dute (Gramatika unibertsala) eta eredu hori formalizatzea da hizkuntzalarien lana. Gramatika unibertsala herentziaz hartzen da.