Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Graf, Steffi

Alemaniar tenis jokalaria (Bruehl, 1969). 1986an, 14 lehiaketatan parte hartu zuen, eta horietako zortzi irabazi zituen, batzuetan orduko tenis jokalari hoberenak –Martina Navratilova eta Chirs Evert– mendean hartuta. 1987an, 45 partida irabazi zituen segidan, eta jokatu zituen 13 lehiaketetatik 11 irabazi zituen: Roland Garros lehen aldiz, Italia eta Alemaniako irekiak, eta Tenis Elkarte Profesionaleko txapelketa biak, bai aire zabalekoa bai pista estalikoa. Urte horretan 79 partida jokatu zituen eta bi baino ez zituen galdu, Navratilovaren kontra biak: Wimblendon lehiaketako finala, eta Estatu Batuetako irekiaren finala. 1987. urtearen bukaeran, tenis jokalarien zerrendako lehen lekua hartu zuen. 1988an, Australia eta Estatu Batuetako irekiak, Roland Garros eta Wimbledon irabazi zituen: urte berean Grand Slameko lau sari nagusiak lortzen zituen bosgarren tenis jokalaria (gizon zein emakumeak kontuan hartuta) bihurtu zen. Handik aurrerako sari zerrenda amaigabea da: 1989an, Australia eta Estatu Batuetako irekiak, eta Wimbledon irabazi zituen; 1990ean, Australia berriro ere; 1993an, Roland Garros eta Estatu Batuetako irekia. Wimbledon, 1991, 1992 eta 1993. urteetan irabazi zuen. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan, zilarrezko domina lortu zuen. 1994an, berriz irabazi zuen Australiako irekia. 1995ean, Roland Garros, Wimbledon eta Estatu Batuetako irekia. Chris Evert eta Navratilovak adinako Grand Slameko sari irabazi zituen horrela: hemezortzi. Are gehiago, Grand Slameko lau sari nagusietako bakoitza lau aldiz baino gehiagotan irabazten lehen emakumea izan zen. 1996an, aurreko urtean bezala, Wimbledon, Estatu Batuetako irekia eta Roland Garros irabazi zituen.