Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

González Castrillo, José María

(“Chumy Chúmez” deitua). Gipuzkoar marrazkilari eta idazlea, gazteleraz idazten duena (Donostia, 1927 - Madril, 2003). Hainbat aldizkari eta egunkaritan argitara eman zituen umorezko marrazkiei zor die fama, batez ere umore beltzekoei, baina bere ibilbide artistikoan beste hainbat alor landu zituen. Donostian zeukan funtzionario lana utzi eta Madrila joatea erabaki zuenean, hain zuzen, margolari izatea zuen asmoa, nahiz eta alor horretan ez zuen umorezko marrazkigintzarekin izandako arrakastarik. Aldizkari askotan lan egin zuen: Codorniz, Madrid, Triunfo, Hermano Lobo, El Diario Vasco. 1999an Chumy Chúmezen lanaren ikuspegi zabala eskaintzen zuen erakusketa eratu zen Donostiako San Telmo Museoan. Lehenago Madrilgo Conde Duque Zentroan egondako erakusketa hark bere alde ezezagunenak utzi zituen agerian, umoreari lotuak ez daudenak, alegia. Liburu ugari ere eman zituen argitara, besteak beste Yo fui feliz en la guerra (1986), Ayer casi me muero (1988), Lo mejor de Chumy Chúmez (1992), La enfermedad desde el enfermo (1992), Una biografía (1994), Hacerse un hombre (1996) eta Moderna cartilla de urbanidad (1999).