Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Göncz, Arpad

Hungariar politikaria (Budapest, 1922). Bigarren Mundu Gerraren garaian faxismoaren kontrako mugimenduan parte hartu zuen bere sorterrian, eta gerra amaitu zenean Nekazarien Alderdia sortu zuen. 1945. urteko hauteskundeetarako sortu zen Nekazarien Alderdia eta lurjabe txikien interesen ordezkari izatea zuen helburua. Hungarian erregimen komunista ezarri zelarik hainbat lanbidetan jardun zuen, eta 1956. urteko komunismoaren kontrako matxinadaren garaian atxilotu egin zuten eta espetxe zigorra ezarri. 1963. urtean, ordea, amnistia eman zuen Janos Kadar agintariak eta libre gelditu zen Göncz. Komunismoaren gainbeheraren ondoren, 1988. urtean demokrazia finkatzen hasi zenean, Demokrata Askeen Batasuna mugimenduaren sorreran parte hartu zuen Gönczek. 1990. urteko hauteskundeen ondoren Errepublikako lehendakari izendatu zuten, eta berriro atera zen irabazle 1995. urtekoetan. Gönczek liberalismoari heldu dio bere agintaldian, eta enpresa txikien sorrera sustatu du. 1992. urtean Hungaria Europar Batasunean sartzeko eskaria egin zuen.