Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gonçalves, Vasco dos Santos

Portugaldar militar eta politikaria (Lisboa, 1921 - Almancil, 2005). Portugalen sistema demokratikoa finkatzearen alde agertu zen, eta horren alde borrokatu zen Conspiración de la Seo izeneko mugimenduan, 1959. urtean. “Krabelinen Iraultza”ren garaian ezarri ziren behin-behineko bost gobernuetako lautako kide izan zen, lehenengoan izan ezik beste guztietan hain zuzen ere, Lehen Ministro karguarekin. Apirilaren 25eko iraultza bideratu zuen Kapitainen mugimendua izenez ezagutu zen taldeko kide ere izan zen. 1974ko uztailetik 1975eko irailera Lehen Ministro kargua bete zuen, eta garrantzi handiko neurriak hartu zituen ekonomiaren nazionalizazioaren bidean, finantzen, industriaren, nekazaritzaren eta garraioen alorrak nazionalizatzea lortu baitzuen. Bere lanean Indar Armatuen Mugimenduaren baitako joera ezkertiarren laguntza izan zuen, eta haren lana begi onez ikusi zuen, orobat, Portugalgo Alderdi Komunistak, zeinarekin bat egin zuen. Behin-behineko laugarren gobernuan, ordea, Alderdi Sozialistako eta Alderdi Sozialdemokratako zenbait ministrok dimisioa eman zuten eta gainbehera etorri zen bere aginpidea. Azkenik Otelo Saraiva de Carvalho buru zuen Indar Armatuetako joera moderatuarekin tirabirak izan zituen, eta moderatuek hartu zuten nagusitasuna 1975. urteko azaroaren 25ean.