Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Glashow, Sheldon Lee

Estatubatuar fisikaria (New York, 1958). Harvardeko Unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa eta unibertsitate hartako irakaslea izan da, besteak beste, 1966az gero. Bere lan nagusiak oinarrizko partikulen arteko elkarrekiko eragin desberdinak bilduko zituen teoria bateratzaile bat osatzera bideratuak izan dira. Laugarren motako quark-en existentzia ere iragarri zuen Glashowk. 1970. urtean osatu zuen bere teoria bateratzailea, eta teoria horretan izadiko lau osagai oinarrizkoetako biren arteko elkarrekiko eraginak aztertu zituen, indar elektromagnetikoaren eta indar ahulen artekoak, hain zuzen ere; Glashowren teoriaren arabera, indar elektromagnetikoak elkarri atxikitzen dizkio molekulak eta elektroian atomoaren nukleoaren inguruko orbitetan iraunarazten ditu, eta indar ahulak, aldiz, desintegrazio erradioaktiboa eragiten du nukleoan. 1979. urtean Fisikako Nobel saria lortu zuen Steven Weingerg eta Abdus Salam zientzialariekin batera.