Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gladstone, William Ewart

Britainiar politikaria (Liverpool, 1809 - Hawarden, Flintshire, 1898). Eskoziako merkatari familia batean jaio zen. Apaiz egiteko asmoak alde batera utzi eta politikan sartu zen.Liberala zen. Disraeli kontserbadoreen buru zela, bera liberalen buru izan zen; lehia handia izan zuten bi gizonek bizitza guztian zehar. Aurrenekoz lehen ministro izan zenean (1868-1874) berrikuntza handiak egin zituen: eliza eta estatua bereizi Irlandan, herri hezkuntza, armada (Carwell-en eraberriketa), justizia, bozketa sekretua (1872), eta bozketa eskubidea ia guztiengana zabaltzen zuen legea (1885). Irlandako arazoak izan ziren nagusi bere bigarren ministerioan (1880-1885): berak proposatzen zuen Home Rule (Irlandako autonomia) ez zen onartu eta bere gainbehera ekarri zuen (1885), eta ondoren bere alderdiaren haustura. Atzerriko politikan, bakezaletasunak bazterturik utzi zuen, eta kontrakoen kritikak erakarri zizkion. Haien berekoikeria gaitzesten zuen Gladstonek, gutxiengoen eskubideak gordetzearen aldeko baitzen. Bulgariarren auzia zela eta, Disraeli gobernutik egotzi zuen (1880). Azken aldiz lehen ministro izan ondoren (1892-1894), berriro Home Rule delakoa Lorden ganberak onartu ez zuenean, politika utzi zuen betiko.