Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Giotto di Bondone

Italiar margolari, eskultore eta arkitektoa (Colle du Vespignano, 1266 ? - Florentzia, 1337). Nahiko zaila da Giottoren obra ezagutzea, bai haren lan asko galdu direlako (obra profanoak) bai harenak ote diren garbi ez delako. Elezaharrak dioenez, Cimabue-ren ikasle izan zen, eta gero 1296-1299 artean Asisko goiko elizan lan egin zuen. Erroman bigarrenez izan ondoren (1300), lan asko egin zituen Padua (Scrovegni-tarren kapera eta Arena), Erroma, Rimini, Florentzia (Santa Croce-ko freskoak), Napoli eta Milanen. 1334an Florentziako gotorlekuetan eta katedralean lan egin zuen, eta Campanileko (Campanile de Giotto deitua) lehen lanak egin zituen, behe-erliebeak batez ere. Izan zen alde guztietan, eskola sortu zuen. v Giotto maisu izan zen espazioaren erabileran, pertsonaia bakoitzaren nortasuna finkatzen, izadiaren eta gizakiaren ikusmoldean; horiek denek erabat gainditu zituzten “era grekoa” eta Erdi Aroko margolaritza moldeak. Danteren pasarte bat Giottoren errealismoak izan zuen arrakasta bizkorraren lekuko da.