Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gebreselassie, Haile

Etiopiar atleta (Aris, 1973). Izan den bide luzeko edo iraunpeneko lasterkari onenetako bat. Haren anaia ere maratoi lasterkaria zen, eta harekin batera 25 kilometro egiten zituen egunero, lasterka, eskolara joateko. 1992an, gazteen mailan, munduko txapeldun atera zen 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan. Urtebete geroago, helduen mailan, munduko txapeldun atera zen 10.000 metrotan, eta txapeldunorde 5.000 metrotan. 1995ean, munduko errekorra hautsi zuen bi proba horietan: 10.000 metroko errekorra Hengelon (Herbehereak) hautsi zuen: 26 minutu eta 43 segundo; 5.000 metrokoa, berriz, Zurichen (Suitza): 12 minutu eta 44 segundo (aurreko errekorra baino 10 segundo gutxiago). Gebreselassiek baino lehenago, Henry Rono kenyarrak bakarrik lortu zuen, 1978an, bi mundu errekor horien jabe izatea. 1995eko Munduko Atletismo Txapelketan, Göteborgen (Suedia), eta 1996ko Olinpiar Jokoetan, Atlantan (Estatu Batuak), urrezko domina lortu zuen berriro 10.000 metroko proban. 1997ko otsailean, Stockholmeko (Suedia) nazioarteko bilkuran, 12 minutu eta 59 segundoko marka lortu zuenean, 5.000 metro, pista estalian, 13 minututik behera egiten lehenengo atleta izan zen. Urte hartan bertan, martxoan, pista estaliko atletismoko Munduko VI. Txapelketan, urrezko domina lortu zuen 3.000 metroko proban. Hilabete gutxi batzuk lehenago, Bislletteko estadioan (Oslo, Norvegia), 10.000 metroko lasterketako markarik onena berreskuratu zuen berriro (1996an, Salah Hissou marokoarrak kendu baitzion): 26 minutu eta 31 segundo (7 segundotan hobetuz bere aurreko marka). Urte hartan bertan, abuztuan, Atenasen (Grezia) egin ziren Atletismoko Munduko Txapelketetan, hirugarren txapela lortu zuen 10.000 metrotan. 1998an, bere bi errekorrak hautsi zituen berriro: 10.000 metro egin zituen 26 minutu eta 22 segundotan (5 segundotan hobetuz bere aurreko marka) eta 5.000 metro, 12 minutu eta 39 segundotan. Gebreselassiek hiru aldiz hautsi du, beraz, 10 kilometroko munduko errekorra.