Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gardoqui Arriquibar, Diego María de

Bizkaitar politikaria, finantza gizona eta diplomatikoa (Bilbo, 1745 - Turin, 1798). Ingalaterran egin zituen ikasketak. Bilboko kontsuletxeko arduradun nagusi izendatu zuten 1767. urtean. Bitarteko lanak egin zituen Ingalaterratik bereizi nahi zuten Ipar Ameriketako burgesiaren eta Espainiako erresumaren arteko harremanetan. Espainiako gobernuaren ordezkari bihurtu zen harrezkero Gardoqui, eta Estatu Batuekiko harremanez arduratu zen aurrerantzean. Indietako merkataritzarako zuzendari eta estatuko finantzetako idazkari izendatu zuten 1790. urtean. Sardinian enbaxadore egon ondoren (1796), Turina joan eta bertan hil zen. 1793. urtean, Bizkaiko diputatu nagusi aukeratu zuten, ganboarren aldetik, baina ez zen kargu horretan aritu.