Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García de Paredes, José María

Espainiar arkitektoa (Sevilla, 1924 - Madril, 1990). Sevillako Unibertsitatean zientzia zehatzetako ikasketak egin zituen, eta diru laguntza bati esker Ingalaterra, Irlanda eta Frantziara bidaiatu ondoren, arkitekto titulua atera zuen 1950ean. Hasieran Rafael de la Hozekin lan egin zuen: 1956an Arkitekturako Sari Nazionala irabazi zuten, Madrilgo Unibertsitateko "Aquinas" Goi Mailako Ikastetxearekin (1953). 1955ean lorturiko sari bati esker Erroman bizi izan zen 1956-1958 bitartean. 1964 arte Javier Carvajalekin lan egin zuen: Erromako espainiarren panteoia (1957), Espainiaren pabiloia (1957), etab. Ikasketek eta elkarlanak ezaugarrituriko garai haren ondoren bakarka lan egin zuen, baina bidaiatzen jarraitu zuen, ikasketak sakontzeko: Italia, Austria, Alemania, Danimarka, Suedia, Finlandia, Belgika, Frantzia, Erdialdeko Amerika eta Estatu Batuetara joan zen. 1959an irakasle sartu zuen Madrilgo Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan eta orduan erakutsi zuen bere arkitekturaren heldutasuna. Arkitektura erlijiosoan murgildu zen Cuencako San Esteban Protomártir parrokiarekin (1960) eta haren ondorengoak dira bere lan nagusietako batzuk: Almendralesko eliza (1961-1964), Falla Erakusketa (1962), Teruelgo Arte eta Lanbideen Eskola (1964) eta Granadako Bankuaren bulegoak, Madrilen, (1964). Harrezkeroko obretan García de Paredesek gaitasun handia erakutsi zuen gai desberdinetara egokitzeko, eta gero eta gehiago nabarmendu zuen konkretutasuna, abstrakzioaren aurrean, ondoko obra hauetan adibidez: Granadako kolegioak (1965-1967), Rodríguez Acostaren Karmena (1964-1967), Cubillasko urtegiko Uso-tiroko Errege Elkartea (1966-1967), Madrilgo Merced enparantzako bulego etxea (1965-1967), Granadako Plaza de los Camposko etxebizitzak (1967-1969). 1970eko hamarraldian egin zituen Manuel de Falla zentroa, Alhambran (Granada, 1974-1978), Banco de Granadaren egoitzak, Sevillan (1968-1970), Bilbon (1973-1976) eta Coruñan (1974-1979), Granadako Gómez Moreno Institutua (1978-1982), etab. 1980ko hamarraldian seme-alabekin lan egin zuen batez ere.