Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gama de Oliveira, José Roberto

(Bebeto deitua). Brasildar futbolaria (Salvador de Bahía, 1964). Río de Janeiron hasi zen ospetsu egiten, bertako talde nagusietako bitan jokatu zuelarik: Flamengo eta Vasco de Gama. Ondoren Deportivo de la Coruña taldean sartu zen. Golegile bikaina da (1992an Espainiako Ligako golegile nagusia izan zen), eta Mauro Silva brasildarrarekin batera garaipen handiak lortu zituen Deportivo de la Coruña taldearentzat; 1995ean, esaterako, Deportivo taldeak irabazi zuen Liga txapelketa, azken partidan, eta Bebetok sartu zituen bere taldearen bost golak. 1996an, ordea, Deportivo taldea utzi eta Brasila itzuli zen, Flamengo taldera. Hurrengo denboraldi erdia Sevillan jokatu zuen, baina berriro Brasila aldatu zen, Salvador de Bahía estatuko Vitoria taldera. Nazioarteko lehiaketetan hainbat garaipen eta titulu lortu ditu: besteak beste, 1989ko Copa Américako golegile nagusiaren titulua eta 1994ko Munduko Txapelketa, Brasilgo selekzioarekin.