Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gabon

(Izen ofiziala, Gabondar Errepublika; Fr., République Gabonaise). Afrika erdiko mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Kamerun; ekialdean eta hegoaldean, Kongoko Errepublika Demokratikoa; mendebaldean, Ozeano Atlantikoa; eta ipar-mendebaldean, Ekuatore Ginea. 267.667 km2 eta 1.500.000 biztanle (gabondarrak). Hiriburua: Libreville (1.424.987, librevilletarrak). Hizkuntza ofiziala: frantsesa. Erlijioa: kristautasuna, islama eta bertako erlijioak. Dirua: Gabondar frankoa. ■ Lurraldea. Hiru alde bereiz daitezke: kostako lur zerrenda estua, handik barrura zabaltzen den goi-ordokia, eta iparraldean 900 metro inguruko mendialdea. Tontorrik garaiena, Iboundji mendia (1.575 metro), lurraldearen erdialdean dago, Chaillu mendietan. Oggoue ibaiaren eta honen adarren arroak hartzen du herrialde osoa. Klima ekuatoriala du, oso euritsua urte osoan. Oihan trinkoak estaltzen ditu lurraldearen hiru laurdenak. Zuraren ustiapena da ekonomiaren oinarri nagusietako bat, eta baso galera ingurumen arazo nagusia. ■ Biztanleak. Uste da lurraldeko lehenengo biztanleak pigmeoak izan zirela. Gaur egun, baina, biztanleen erdiak bantuak dira, berrogei bat talde etnikotan banatuak (galoak, nkomiak, irunguak eta abar). Heren bat fangak eta kweleak dira, iparraldean, eta punuak eta nzabiak, hegoaldean. Europar biztanleak, frantsesak gehienbat, gutxiengo ahaltsua dira. Erlijioari dagokionez, biztanle gehienak kristauak dira, baina bertako erlijioek ere indar handia dute. Librevillez gainera bi hiri handi daude Gabonen: Port Gentil (178.200 biztanle) eta Masuku edo Fraceville (75.000 biztanle). Frantsesa da hizkuntza ofiziala baina tokian tokiko hizkuntzak erabiltzen dira, kostaldean bantua, eta iparraldean fanga. 1997an bizi itxaropena 55 urtekoa zen, alfabetizazio maila % 63koa eta haurren hiltze tasa milako 87koa. ■ Ekonomia. Gabonek mea baliabide aberatsak ditu (uranioa eta manganesoa) eta petrolio hobiak itsasoan eta lehorrean. Burdina meategi handiak ere badaude, munduko aberatsenak nonbait, eta beruna eta zilarra ugari. Gainera baso aberatsak ditu (okumea, kaoba, kevazingoa, ebanoa). Hala, meategien eta basoen ustiapenean oinarritzen da ekonomia. Gabon da munduko okume ekoizle nagusia. Nolanahi ere, biztanle gehienek lurra landuz ateratzen dute bizibidea: mandioka, bananak, llantena, azukre kanabera, taroa eta arroza lantzen dituzte bizitzeko. Esportatzeko lantzen dira kakaoa, kafea, palmondo olioa, kakahuetea eta piper hautsa. Dagoen industria apurra zurarekin, petrolioarekin eta janarien eraldaketarekin lotuta dago. ■ Historia. Gabongo itsasertza portugaldarrek menderatu zuten XV. mendean. XIX. mendean Gabon Kongo Frantsesari lotu zitzaion (1889). 1910ean Afrikako Ekuatore Frantseseko kolonietako bat bihurtu zen, Erkidego Frantsesaren errepublika izatea erabaki baitzuen bozketa bidez. 1960ko abuztuaren 17an burujabetasuna lortu zuen, arazorik gabe, bertako alderdiak prest baitzeuden Frantziaren babes neolokoniala onartzera. Hurrengo urtean M'Ba lehendakari hautatu zuten. Librevillek eta Parisek hitzarmen militar bat egin zuten ordena neokoloniala babesteko. Hala, 1964an estatu kolpe bat izan zen lehendakaria kargutik kentzeko, baina Frantziako gudarosteak esku hartu zuen eta kargua itzuli zion ostera lehendakariari. Lehendakaria 1967an hil zen eta Defentsa ministroak, Omar Bongok, hartu zuen kargua. Bongo Afrikako erdiko frantses interesen «jendarme» bilakatu zen, erregimen aurrerakoien aurka egiteko abiapuntu gisa. 1977an hegazkina eta armak eman zizkien mertzenario talde bati Beningo Herri Errepublikaren aurka egiteko. Nolanahi ere, Frantziarekin zituen loturetatik askatzen eta beste herrialde batzuekin harremanak izaten hasi zen. 1979an eta gero 1986ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Bongo atera zen garaile (% 99). Bera zen hautagai bakarra. Gobernuaren ustelkeriak eta baliabideak alferrik galtzeak herritarren protesta biziak eragin zituen 1980 ondoko urteetan. Protesta guztiak gogor zapaldu ziren. Gobernuak gogor zapaldu zuen, halaber, intelektual, ikasle eta nazionalisten Nazioa Eraberritzeko Mugimenduaren (MORENA) borroka. Gobernuak 30 tona arma lapurtu izana leporatu zion mugimenduari, 1982ko urrian, Bongo familiaren ondasunen eta frantses militarren aurkako atentatuak hasi zirenean. MORENAko hogeita zortzi kideri hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zitzaien. Frantziako Alderdi Sozialistak gogor kritikatu zituen zigorrak, eta Bongoren eta Frantziako lehendakari Mitterranden arteko harremanak gaiztotu egin ziren. Hala ere, 1984ko martxoan Bongo Frantzian izan zen. Lehendakariak egin zion harrera gogor kritikatua izan zen, Frantziako gobernuak Gabonen zentral nuklearra eraikitzeko baimena eman izana bezainbeste. Europako ekialdean aldaketa politikoak gertatu ziren garai berean Gabonen demokrazia zabaltzea aldarrikatzen hasi ziren ostera. Herritarren protesta handien ondoren, lehendakariak zuzenketak egin zituen konstituzioan, alderdi anitzeko sistema onartu zuen, eta prentsa zentsura kendu zuen. Gainera gobernuan parte hartzen utzi zien oposizioko kideei. Aldi batez egoera baretu egin zen. Baina maiatzean oposizioko Gabondar Alderdi Aurrerazaleko lehendakari Joseph Redjambe hil egin zuten. Jendea gobernuaren aurka altxatu zen. Port-Gentil eskualdean jendea matxinatu egin zen hamar egunez, Parisek bost mila frantses aterarazi zituen hiritik, eta gobernuak lehendakariaren guardia bidali zuen. Egoera baretu zenean alderdi politiko eta erakunde sozial guztiak hitz egitera elkartu ziren, eta lehendakaritzarako hauteskunde libreak deitzea erabaki zen. Baina Bongok 1990erako deitu zituen hauteskundeak (oposizioak 1992rako nahi bazituen ere), eta bere alde baliatu zuen gobernuan egon zen hogei urteetan antolatu zuen azpiegitura. Oposizioak ez zuen antolatzeko betarik ere izan. 1990eko irailean Bongoren alderdiak (Gabondar Alderdi Demokratikoa, GAD) gehiengoa lortu zuen biltzar nazionalean. Konstituzio berriak (1991ko martxoa) alderdi aniztasuna onartu zuen. Hala ere, politika eta gizarte egoera ez zen baretu, krisi ekonomiko gero eta handiagoaren erdian. Hurrengo hauteskundeetarako egunik finkatu ez izanak eta ikasleen protestek baliabide gehiago eskatuz, tentsiogune berriak sortu zituzten. Lehendakariak unibertsitatea itxi zuen eta bilera politikoak debekatu zituen, baina protestak areagotzen zirela ikusita, atzera egin behar izan zuen gero. Bien bitartean, kanpo harremanetan, Gabonek garrantzi handiko papera bete zuen beste nazio batzuen arteko liskarretan. 1993ko lehendakaritzarako hauteskundeetan berriro atera zen Bongo garaile. Oposizioak iruzurra salatu zuen. Protesta handiak izan ziren, gogor zapalduak (30 hildako). 1994an, Parisen elkarrizketatu ondoren, koalizio gobernu bat eratu zen, hauteskunde libreak izan arte. 1995eko uztailean, erreferendum batean, hautesleen % 95ek konstituzioaren erreformaren alde bozkatu zuten, lehendakaritzarako eta legegintzarako hauteskundeak dei zitezen. 1996an, Biltzar Nazionalerako hauteskundeetan, Bongoren Alderdi Demokratikoak 55 aulkietatik 47 eskuratu zituen. Oposizioko buruak, Paul Mba-Abessolek, udal hauteskundeak irabazi zituen eta Librevilleko alkatetza lortu zen. 1998an Mba-Abessolek lehendakaritzarako hauteskundeak gainbegiratzeko eskatu zien Nazio Batuei, «Omar Bongok berriro iruzur egin dezan galarazteko». Garaipena, ordea, Bongorentzat izan zen berriro ere, eta 2001. urte amaierako parlamenturako hauteskundeetan ere Bongoren alderdiak irabazi zuen. Bongok gobernu koalizioarekin bat egiteko gonbita egin zien Abessoleri eta haren aldekoei, eta azkenik, oposizioa uztea erabaki zuten. 2003. urtean Bongok Konstituzioa aldatu zuen, berriro hautagai gisa aurkeztu ahal izateko. Oposizioaren buru Pierre Mamboundouk nazioarteko erakundeek parte har zezaten eskatu zuen. 1967an Bongo agintera iritsi zenetik 16 aldiz aldatu zen Konstituzioa. 2005ean Bongok lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi zituen berriro ere (botoen %80); aginpidean denbora gehien zeraman afrikar agintaria bihurtu zen. Oposizioko alderdi nagusiek, ordea, hauteskunde haiek iruzurra izan zirela adierazi zuten.
http://www.legabon.org/