Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fyfe, William S

Zeelanda Berriko geokimikaria (Ashburn, 1927). South Islandeko etxalde batean hezi zen, Zeelanda Berrian. Otagoko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta, besteak beste, Ontario Mendebaldeko Unibertsitateko zientzietako saileko dekano izan da. Fyfek ikerketa geologikoetan kimikako ezagutzak aplikatu zituelako lortu zuen ospea, eta geokimikaren aitzindaritzat hartua da horregatik. Kanadako geologo handienetakoa da, eta munduko geokimikari nagusietako bat. Garrantzi handiko lorpenak egin ditu, batez ere, isomorfismoaren alorrean, tenperatura eta tentsio handien pean dauden meen portaerari buruz. Metamorfismoaz egindako ikerlanetatik ateratako ondorioekin petrologia metamorfikoa eraberritu zuen. Fyfek jariakinek eta tektonikek harri bitxien hobien eraketan duten garrantzia azpimarratu du, batez ere urre hobien eraketan duten zeregina. Biosfera-geosfera arteko eraginak ere aztertu ditu, mikroorganismoek metalen pilaketan duten zereginari dagokionez nagusiki. Gizakiaren energia kontsumoaz arduratu da, eta lignitoaren erabilera industrialak dakartzan ondorioei buruzko zenbait ikerketaren zuzendari izan da. Bestalde, lurreko lur emankor baina erraz hondatzen direnen genesia eta kontserbazioa aztertu ditu, eta lurraren higadura neurrigabearen ondorio kaltegarriak nabarmendu ditu.