Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

futbol

iz. Hamaika jokalariz osatutako bi talderen artean baloia oinaz joaz egiten den kirola. || Areto(-)futbol. (lagunartean futbito deitzen zaio). Bosna jokalariz ostatutako bi talderen artean eta eremu txikiago eta estalian jokatzen dena. || Futbol(-)zelai. Anoetako futbol zelaian.  v  Historia. Futbola gaur egun ezagutzen den bezala Ingalaterrako eskoletan sortu zen XIX. mendean. 1863an Futbol Elkarteak (Football Association) joko horren lehenbiziko arauak finkatu zituen. Kirol mota hori oso hedatua dago Europan eta Hego Ameriketan. Euskal Herrian futbolaz ezagutzen diren lehenengo berriak 1894ean Bilbon egindako jokaldi bati buruzkoak dira. 1898an sortu zen Euskal Herriko aurreneko futbol taldea: Bilbaoko Athletic Club.  v  Oinarrizko arauak. Futbola gutxienez 45x90 m eta gehienez 90x120 m dituen zelai lauki batean jokatzen da. Ateak 2,44 m goratasuneko bi zutoin ditu, langa batez lotuak. Talde bakoitzak hamaikana jokalari izaten ditu, eta baloia arerioaren atean sartzea dute helburua. Irabazlea gol gehien sartzen dituena da. Baloia oinez, buruaz edo soinaz uki daiteke, ez baina eskuez edo besoez; atezainak baino ez dezake uki eskuz baloia, betiere bere barrutian dagoela. Futbol partiduak 90 minutuko iraupena du, 45 minutuko bi zatitan banatuta. Hauek dira talde bakoitzean jokatu ohi duten jokalariak: atezaina; lau atzelari, hiru erdilari eta beste hiru aurrelari. Dena den, banaketa hori entrenatzailearen eta garaiko joko motaren araberakoa izaten da. Epailea denbora neurtzeko eta joko arauak betetzen direla ziurtatzeko dago.