Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fuller, Samuel

Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Worcester, Masschusetts, 1912 - Los Angeles, 1997). 17 urte zituenerako New York Journal egunkariko kazetaria zen. Geroago beste egunkari batzuentzat lan egin zuen, eta oso lanbide baliagarria gertatu zitzaion hura. Izan ere, 1930. urtearen hamarraldian hainbat kontakizun eta eleberri labur idatzi zituen, poliziakoak gehienak, egunkarietan agertzen ziren gertakarietan oinarriturik. Era berean, kazetaritzan egindako lanetik hartu zituen B serieko gidoiak idazteko gaiak. 1942. urtetik 1945. urtera gerran parte hartu zuen Europan eta Afrikan, eta gerra amaitu zenean Hollywooden hasi zen lanean, gidoiak idazten. 1950eko hamarraldiaz gero hasi zen filmak egiten. Fuller zinemagile inkonformista izan zen, eta kritika gogorrak egin zituen, besteak beste, arrazakeriaz eta hipokrisiaz. Indakeriazko filmak egin zituen batez ere, gerran oinarrituak horietako asko, eta trebetasun bikaina erakutsi zuen gudulekuko irudi lazgarriak adierazten. Fullerrek eragin handia izan du geroagoko zinemagile gazteen artean, Godard, Wim Wenders, Jim Jarmusch eta Martin Scorseseren zinemagintzan, besteak beste. Oso filmegile emankorra izan zen, eta hauek ditu, beste askoren artean, film aipagarriak: Fixed Baionets (1951); Pick up on South Street (1953); House of Bamboo (1955); China Gate (1957); Underworld USA (1960); Merril’s Marauders (1961), gerrako filmen eredutzat har daitekeena; Shock Corridor (1963); Shark (1969); The Big Red One (1979);White Dog (1982); Les Voleurs de la nuit (1984); Street of No Return (1988).