Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fulbright, James William

Estatu Batuetako hezitzaile eta politikaria (Sumner, Missouri, 1905 - 1995). Arkansasko Unibertsitatean, Oxfordekoan eta George Washington Zuzenbide Fakultatean egin zituen ikasketak. Washingtonen hasi zen zuzenbide lanak egiten, 1934. urtean, eta urtebetez lan egin zuen Justizia sailean, fiskal gisa. Irakasle ere jardun zuen George Washington Unibertsitatean eta Arkansaskoan; hango errektore ere izan zen 1939 eta 1941 urteen bitartean. Alderdi Demokratako kidea izan zen, eta, besteak beste, ordezkarien ganberako kide eta senatari izendatu zuten. Senatari gisa garrantzi handiko lanak egin zituen, batez ere 1946. urtean, Estatu Batuetako eta atzerriko irakasleen eta ikasleen arteko elkar trukea bideratzeko diru laguntzak eskaintzeko Fulbright legea onartu zuelarik (1961ean zuzendu zen lege hura, Fulbright-Hays legearekin), eta orobat Senatuko Kanpo Arazoetako Batzordearen lehendakari izan zen garaian (1959-1974). Estatu Batuetako kanpo politikari buruz arduratu zen, batez ere Vietnamgo gerran izandako parte hartzeari buruz (1959-1975). 1974. urtean senatari gisa seigarren legegintzaldirako aurkeztu zelarik, ez zuen garaipena lortu Arkansasen, eta urte hartan bertan utzi zuen bere kargua.