Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fukui, Kenishi

Japoniar kimikaria (Nara, Honshu uhartea, 1918 - Kioto, 1998). Kiotoko Unibertsitate Inperialean egin zituen kimikako ikasketak eta unibertsitate hartako irakaslea izan zen 1944-1982 bitartean; besteak beste, Japoniako Kimika Elkarteko eta Oinarrizko Kimikaren Institutuko lehendakari izan zen. Lan esperimental gehienak kimika organikoaren alorrean egin zituen, karbonozko gai konposatuei buruz, fuelari, gasari eta ikatzari buruz, besteak beste. Erreakzio kimikoei buruzko ikerketak egin zituen; hain zuzen ere, atomoek erreakzio kimikoetan elkarri nola lotzen zaizkion aztertu zuen nagusiki. 1952. urtean egindako lanetan ikusi zuenez, elektroiak nukleoaren inguruan hodeien modukoak osatuz, orbitaletan, mugitzen ziren, eta elkarren alboan kokaturik dauden atomo desberdinetako orbitalen edo elektroi hodeien arteko elkar eraginaren bidez lotzen zitzaizkien atomoak elkarri. Oso zaila zen, dena dela, zein eratako elkarketak gertatzen ziren asmatzea, baina Fukuik metodo bat asmatu zuen gai konposatu jakin bat osatzeko zein atomo jakin elkartzen diren asmatzeko, atomoaren elektroi hodeiaren dentsitatea neurtuz. Atomo bateko energia goreneko elektroiak (oro har kanpoaldeko orbitaletan egoten direnak) beste atomora aldatzen ohi dira, eta Fukuik loturazko orbital deitu zuen orbital berria osatzen dute horrela. 1970. urteaz gero, Fukuik eta bere lan taldeak erreakzio kimikoak eta molekulen formak aztertzeko hainbat lan egin zituzten. Kimikako Nobel saria eskuratu zuen 1981ean, R. Hoffmann zientzialariarekin batera, alor berean, baina zeinek bere aldetik, egindako ikerketengatik.