Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frischmuth, Barbara

Austriar idazlea (Altausee, 1941). Turkiera eta hungariera ikasi zituen; 1961ean Turkiara joan zen beka batekin eta handik bi urtera Hungariara. 1967. urtean Vienara aldatu zen, eta harrezkero literaturan eta itzulpengintzan dihardu. Literaturako hainbat sari eskuratu ditu eta bera da, zalantzarik gabe, Austriako idazle nagusietako bat, nagusia ez bada. Haur literaturan nabarmendu da batez ere, eta hizkuntzarekin jolasteko, kontakizunak haurren ereduari jarraituz osatzeko eta idazteko trebetasun handia erakutsi du. Horrela, hizkuntza aldi berean konplexu baina garbia eta sentibera erabiltzen du bere obretan. Frischmuthen liburuetako gai nagusiak emakumeak bizitzan aurkitzen dituen zailtasunak eta gizartean bere askatasuna lortzeko nahia eta egiten duen ahalegina dira. Osagai kritikoak eta errealistak, alde batetik, eta osagai fantastikoak eta utopikoak, bestetik, bateratu ohi ditu. Hauek dira bere obra aipagarrienak: Die Mystifikationen der Sophie Silber (1976, Sophie Silberren mistifikazioak), Amy oder Die Metamorphose (1978, Ami edo metamorfosia) eta Kai und die Liebe zu den Modellen (1979, Kai eta modeloenganako maitasuna) eleberriez osaturiko trilogia; bere obra gehienetan bezala emakumeetatik eta haurretatik beste inorengandik baino gehiago ikas daitekeela adierazten duten Die Ferienfamilie (1981, Oporretako familia) eta Die Frau im Mond (1982, Emakumea ilargian); Mister Rosa oder Die Schwierigkeit, kein Zwerg zu sein (1989, Mister Rosa, edo nano ez izatearen eragozpena) monodrama, gaur egungo senar-emazteen ohiko jarduera eta zereginetan gertatzen ari diren aldaketak aztergai dituena, etab.