Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

frisiera

(Frisieraz, Friesisch) iz. Frisiako hizkuntza, 400.000 pertsona inguruk hitz egiten dutena. Mendebaleko germaniar hizkuntza da, ingelesetik hurbilen dagoen germaniar hizkuntza. Hiru dialekto nagusi bereizten dira: mendebaleko frisiera (Holandako Frisian), ekialdeko frisiera (Alemaniako Saterland-go lurraldean) eta iparraldeko frisiera (Alemaniako Schleswig lurraldeko mendebalean eta Danimarkako hego mendebalean). Frisieraz idatzitako lehen testu ezagunak XII. mende bukaerakoak dira (salmu batzuen itzulpena). Frisiera zaharrak argi erakusten ditu frisierak eta ingelesak beste hizkuntza germaniarren aldean dituzten bereizgarriak. XVI. mendeaz geroztik frisiera idatziaren erabilera guztiz apaldu zen arren, hizkuntzaren aldeko mugimendua sortu eta bizkortu zen XIX. mendean. Gaur egun hizkuntza ofiziala da frisiera Holandako Friesland herrialdean. Gysbert Japiks (1603-1666) izan zen Frisiako lehenengo idazle garrantzitsua (1668, Friesche Rymlerye, Frisiar bertsoak). 1915. urtean, Frisiar Gazteen Mugimendua bultzatu zuen Douwe Kalma idazleak eta, aurreko urteetako probintzialismotik eta didaktismotik urrunduz, literatura modernoaren bidea urratu zuen idazle belaunaldi bat izan zen Frisian (Simke Kloosterman poeta, Reinder Brolsma eleberrigilea, R.W. Canne antzerkigilea etab.). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europako beste estatu eta herrietako literatura molde beretsuetan aritu izan dira Frisiako idazleak (Anne Wadman, Sjoerd Spanninga, Durk Van der Ploeg, Ype Poortinga, Rink van der Velde).