Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fried, Erich

Alemaniar idazlea, austriarra jatorriz (Viena, 1921 - Baden-Baden, 1988). Familia judu batean sortu zen, eta naziek Austria anexionatu eta aita hil ondoren, Londresa emigratu zuen amarekin, 1938. urtean. Londresen hainbat lanbidetan jardun zuen, eta 1952an BBC etxeko programazio alemaneko erredaktore gisa hasi zen lanean. 1968. urtean utzi zuen lanbide hura, eta literaturan murgildu zen buru-belarri. Haurtzaroko gertaerek berebiziko eragina izan zuten Frieden literatura lanetan; izan ere, etxearen galera da bere obran etengabe agertzen den gaietako bat, behartsuenekin eta ahulenekin bat egin zuen beti, eta giza eskubideen aldezle sutsua izan zen. Dena dela, obra politikoez eta protestakoez gainera, maitasunari eta izadiari buruzko lanak ere eman zituen argitara, eta sekula ez zuen onartu artea helburu politikoetarako erabiltzeko joera. Deutschland (1944, Alemania) izan zen bere lehen olerki bilduma; joera espresionista eta geroagoko idatzietan nabarmendu ziren ezaugarri estilistiko eta linguistikoak agertzen dira lan horretan (hitz jokoak, joko fonetikoak, etab.). Lan haren ondoren argitaratu zituen Warngedichten (1964, Ohartarazteko olerkiak), und Vietnam und (1966, eta Vietnam eta) eta Höre, Israel! (1974, Entzun, Israel!), bere konpromiso politikoa agerian uzten dutenak. Olerki bildumez gainera,aipatzekoak ditu Ein Soldat und ein Mächen (1960, Soldadua eta neska,) eleberria, opera baterako testua, kontakizun labur batzuk, irratirako gidoiak, eta hainbat idazleren obren itzulpenak (W. Shakespeare, T.S. Eliot, D. Thomas).