Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frank, Robert

Argazkilari eta zinema zuzendari suitzarra (Zurich, 1924). Argazkilaritza ikasketak egin zituen bere jaioterrian, eta industriako argazkilari gisa lan egin zuen. 1947an, Estatu Batuetara emigratu zuen, eta New Yorken hasi zen lanean, publizitate eta moda argazkilari gisa. 1948an, bere lehenengo bidaia profesionala egin zuen. 1955ean Guggehnheim beka eman zioten, eta horrekin bi urteko bidaia ordaindu zuen Estatu Batuetan zehar. Bidaia hartako argazkiak Frantzian argitaratu ziren lehen aldiz, Les Americains titulupean, eta Estatu Batuetan gero, 1959an: The Americans. Bere argazkietako ikuspegi ironikoak zalantzan jarri zuen hain zabalduta zegoen amerikar ideala. Estatu Batuetako argazkilarien esanetan, inguruari begiratzeko modua aldatu zien liburuak. Argazki gehienak irudi tristeak ziren, eta eguneroko bizimoduaren asperraldia, tristura eta etsipena erakusten zuten. Estatu Batuetako kritikari askok arbuiatu zuten bere zintzotasunagatik eta ikuskera ilunagatik. Lan hark 35 mm-ko kameraren erabilera zabaltzen lagundu zuen, une jakina ez ezik gauzak ere erretratzeko lan tresna gisa erabiltzeko. 1960ko hamarraldian, Frankek zineman lan egin zuen, eta baita zinema irakasle gisa ere. Haren film ezagunena, Pull My Daisy (1958), Jack Kerouac idazle estatubatuarraren obran oinarrituta dago.