Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Francisci, Pietro

Italiar zinemagilea (Erroma, 1906 - Erroma, 1977). Peplum generoko zinemagile nagusietakoa izan da. Karreraren hasieran, zinemagile amateur gisa, dokumentalak egin zituen. 1934an estreinatu zen bere lehenengo film luzea: La mia vita sei tu (Nire bizitza zu gabe), maitasunezko harreman kontraesanez bete baten komedia gazi-gozoa, Otello Martelliren argazki ederrez hornitua. Kritikak ez zion oso harrera ona egin, ordea, eta ikusleen artean ere ez zuen arrakastarik izan. Francisci atzera dokumentalak egiten hasi zen. Hurrengo film luzea egin zuenerako hamabi urte igaro ziren: Io t'ho incontrata a Napoli (1946, Napolin aurkitu zaitut), komedia hori ere. Handik bi urtera sakontasun handiagoko lan bat egin zuen: Natale Al Campo 119 (1948, Eguberriak 119 Zelaian), kontzentrazio esparru batean preso daudela eguberriko gaua gogorarazten duten italiar batzuen lekukotasun interesgarria. Bere karreraren lehenengo ziklo horretako azken filma Antonio Paduakoa izan zen (1949), Bigarren Mundu Gerraren ankertasuna Erdi Aroko mende ilunekin alderatzeko ahalegin originala. Handik aurrera, ordu arte egindakoa alde batera utzita, ekintza biziko filmak egiten hasi zen: Il leone di Amalfi (1950, Amalfiko lehoia), Le meravigliose avventure di Guerrin Meschino (1951, Gerrin Meschinoren abentura zoragarria) eta La reina de Saba (1952, Sabako erregina). 1955ean, Gizon ala deabru estreinatu zuen –Anthony Quinn, Sofia Loren eta Henri Vidal antzezleekin–, eta orduan bai, arrakasta handia izan zuen. Baina Pietro Francisciren benetako nortasuna bi urte geroago azaldu zen, Herkules filmarekin. Lan hura genero berri baten hasiera izan zen, peplum generoarena hain zuzen. Lehendik ere eginak ziren antzeko filmak, “erromatarren filmak” deituak, bai Italian bai Estatu Batuetan, baina Herkulestik aurrera hartu zuten genero autonomo izaera. Film hark izan zuen arrakastaren ondoren, haren jarraipena filmatu zuen gero, Herkules eta Lidiako erregina (1959). Horiek izan ziren bere karrerako lanik arrakastatsuenak. Beste film batzuk: Saffo, Venere di Lesbos (1960); Siracusako gudua (1960); Ercole sfida Sansone (1963); Galaxiako gerrak (1967); eta Sindbad e il califo di Bagdad (1973).