Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Foucault, Michel

Frantses filosofo estrukturalista eta saiakera idazlea (Poitiers, 1926 - Paris, 1984). Parisen egin zituen ikasketak eta 1960-1968 bitartean Clermont-Ferrandeko unibertsitatean irakasle izan zen. Bi urtez Paris-Vincennes-eko unibertsitatean irakasle izan ondoren, Collège de Franceko historiako katedradun izan zen hil arte. Gizarteak bere antolamenduaren oinarrian dituen kontzeptuak eta kodeak aztertu zituen nagusiki, “baztertze printzipioa” batez ere (esate baterako, eriaren eta osasuntsuaren arteko bereizkuntza). Hasierako lanetan, buru eritasunak eta horien trataerak landu zituen: Folie et déraison: Histoire de la folie à l’âge classique (1961, Eromena eta zibilizazioa); Surveiller et punir: Naissance de la prison (1975, Zelata eta zigorra: kartzelaren sorrera) liburuan gaur egungo kartzelen sistemaren jatorria aztertu zuen. L’Histoire de la sexualité (1976, Sexualitatearen historia) liburuan Sartaldeko sexuari buruzko ikusmoldea aztertu zuen. Foucault izan da intelektual frantsesen artean azken urteotan eragin handiena izan duenetako bat.