Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Foucault, Léon

Frantses fisikaria (Paris, 1819 - 1868). Fizeaurekin batera, astronomian argazkia erabili (1845) eta fotometriako eta espektroskopiako ikerketak egin ondoren, argiaren lastertasuna neurtzeko metodo bat prestatu zuen, airean eta uretan erabil zitekeena. Bi gai horietan lortu ziren emaitzek Fresnelen teoria egiaztatu zuten (1850). 1852an giroskopioa asmatu zuen. 1857an, teleskopioetako ispilu esferikoaren ordez, kristal zilarreztatuzko ispilu parabolikoa jartzea erabaki zuen, esferaren akatsa ezabatuz.  v  Foucaulten korronteak. Fis. Eremu magnetiko aldakorren mende dauden metal masetan sortzen diren korronte elektriko induzituak dira. Gertaera hori indukzio elektromagnetikoaren legeen ondorio zuzena da. Foucaulten korronteek transformagailuetan potentzia galera handiak sor ditzakete, nukleoa burdinazko pieza bakarrez egina bada batez ere. Korronte hauen eragina gutxitzeko transformagailuen nukleoa elkarren kontra jarririk dauden burdina laminatxoez egiten da. Laminatxoak berniz bereizle batez daude pintatuta, burdinek elkar uki ez dezaten, eta Foucault-en korronteak laminatxo bakoitzean gera daitezen.  v  Foucaulten korrontezko balazta. Mek. Elektroiman baten eremuan mugitzen den kobrezko disko batean sortzen diren Foucault-en korronteak bere helburuak lortzeko erabiltzen dituen balazta. Balazta magnetikoa da.  v  Foucaulten pendulua. Foucaultek 1851. urtean, Lurraren errotazio higidura frogatzeko asmoz, Parisko Panthéon-eko sabaitik zintzilikatu zuen pendulu handia. Penduluak 67 m-ko hari luzea zuen eta 100 kg-ko bola muturrean. Pendulua martxan jarri eta 24 ordutan oszilazio-planuak 270° biratu zuen. Gisa horretako penduluak, Lurraren Ipar eta Hego Buruetan 24 ordutan 360°-tan aldatzen du oszilazio planua —ipar hemisferioan erlojuaren orratzen kontrako zentzuan, eta hego hemisferioan erlojuaren orratzen zentzu berean—, eta ekuatorean ez du oszilazio planorik aldatzen. Penduluaren oszilazio planoaren aldaketa hori Lurraren errotazio mugimenduak eragina da.