Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Forte, Dieter

Idazle alemaniarra (Düsseldorf, 1935). Zenbait lanbide izan zituen, harik eta 1959an buru-belarri idazten hasi zen arte. Narrazioak, bidaia koadroak eta irratirako gidoiak idazten hasi zen –Die Wand, (1965, Horma), Porträt eines Nachmittags (1967, Arratsalde baten erretratua), Bergstraße 8 (1967, Berg kalea 8)–, bere garaiko gizarte gatazken lekukotasuna emanez, aurrerago telebistarako gidoietan egin zuen bezala –Nachbarn (1970, Auzoak), Sonntag, Achsensprung, Gesundheit! (1980, Igandea, ardatz saltoa, topa!)–. Arrakasta eta ospea, baina, antzerki lan batek eman zion: Martin Luther & Thomas Münzer oder Die Einführung der Buchhaltung (1971, Martin Luther eta Thomas Münzer edo Kontabilitatearen sarrera). Obra horrek –kabareteko 82 agerralditan banatua– ikuspegi materialista batetik aztertzen ditu botere politikoaren mekanismoak, eta aro berri horretako politikaren eragile nagusia kapitala dela erakusten saiatzen da. Hurrengo urteetan, beste bi antzerki lan idatzi zituen: Jean Henri Dunant (1978) eta Das Labyrinth der Träume (1983, Ametsen labirintoa). Hirurek “aro mekanikoaren trilogia” bat eratzen dute. Fortek XVI. mendean sortu zen munduaren ikuspegi arrazionalistan bilatzen ditu gure zibilizazio “anker” horren kausak eta zergatikoak. 1992an, Basilea Hiria literatura saria irabazi zuen Das Muster (1992, Eredua) eleberriarengatik. Eleberria frantses-italiar jatorriko familia baten kronika da, poloniar jatorriko beste batenaren parean egiten dena. Beste lan batzuk: Weibe Teufel (1972, Deabru zuriak), Cenodoxus (1972) eta Kaspar Hausers Tod (1979, Kaspar Hauser-en heriotza).