Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fields, John Charles

Kanadar matematikaria (Hamilton, Ontario, 1863 - Toronto, Ontario, 1932). Torontoko Unibertsitatean jaso zuen matematikako titulua 1884. urtean. Johns Hopkins Unibertsitatean ere ikasi zuen, eta 1889an matematikako irakasle izendatu zuten Allegheny Collegen. 1892tik aurrera Fieldsek Europan jardun zuen, Fuchs, Frobenius, Hensel, Schwarz eta Planckekin batera; oso urte garrantzitsuak izan ziren bere ikerlanaren garapenerako. 1902an Torontoko Unibertsitatean hasi zen irakasle lanetan, eta hantxe egon zen hil arte. Urte horietan funtzio aljebraikoak ikertu zituen gehienbat. Ohore asko jaso zituen bizitzan zehar. 1907an Kanadako Errege Elkarteko kide, eta 1913an Londresko Errege Elkarteko kide aukeratu zuten. 1924an Matematikarien Nazioarteko Kongresua ospatu zen Toronton, eta Fields izan zen mahaiburu. Hala ere, Fields ezagunagoa da matematikarientzako domina bat (Fields domina) sortu izanagatik. 1932ko Zuricheko Nazioarteko Kongresuan onartu zen ideia, eta lehenengo dominak 1936eko Osloko Kongresuan eman zizkieten Lars Ahlfors eta Jesse Douglas matematikariei.