Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ferhati, Jilali

Marokoar zinema zuzendaria (Jemisset, Maroko, 1948). Frantzian Soziologia ikasten ari zela, aktore lanetan hasi zen hainbat antzerkitan. Zuzendari gisa egindako lehen filma Yarha fil hait (1978) izan zen. Bera eta bere anaia dira Tangerreko giro marjinal desberdinak islatzen dituen film horretan aktore. Ferhati ezagutzera eman zuen filma, hala ere, Araiss min qassab (1981) izan zen, Marokoko emakumeen zapalkuntza tradizionalari buruz ematen duen ikuspegi sakonagatik. Filmak oihartzun handia izan zuen eta herrialde hartako zinemagile entzutetsuenen artean jarri zuen Ferhati. Hala ere, hamar urte pasatu behar izan zuten hurrengo filma egiteko (Shati al-atfal al-mafqudin, 1991). Azken filmarekin (Juyul al-hatt, 1995) Tangerreko giro marjinaletara itzuli zen, eta ustelkeria eta Europarako legez kanpoko emigrazioa landu zituen.