Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fenosa, Apel

·les. Katalan eskultorea (Bartzelona, 1899 - 1988). Aitak jarri zion Apel.les izena, biziki miresten zuen Mestres poetaren omenez. Aitak beirategi batean egiten zuen lan, eta berak oso gazterik izan zuen materialen manipulazioa ezagutzeko eta gozatzeko aukera. Hamahiru urte baino ez zituela, artista eta eskultore izan nahi zuela erabaki zuen. Casanovas eskultorearen lantegian ikasi zuen, eta garai berean Antonio Gaudí ezagutu zuen. 1921ean Parisera alde egin zuen bere burua kontzientzia eragozletzat hartuta. Lehen erakusketa Percier galerian egin zuen 1924an, Max Jacoben eta Jules Supervielleren babesarekin. Veneziako 1936ko erakusketan Espainiaren ordezkari izan zen, baina laster alde egin behar izan zuen berriz Parisera. Han Cocteau, Michaux, Ponge, Paul Éluard eta Colette ezagutu zituen, eta haien adiskide egin zen. Lanen artean ditu: Trois Grâces (1944, Hiru Graziak), Ophélie (1951), Métamorphose des sœurs de Phaéton (1950, Phaeton-en arreben metamorfosia), Volute (1967, Kiribila), etab.