Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Filipe Va Espainiakoa

Espainiako erregea 1700-1746 bitarteko urteetan (Versailles, 1683 - Madril, 1746). Frantziako Luis XIV.aren biloba zen, eta 1700ean errege egitean, Erregetzarako Gerra piztu zen. Ingalaterra, Holanda eta Inperioa Karlos Artxidukearen alde jarri ziren. Madrildik birritan bota zuten arren, Utrecht-eko bakean (1713) bere eskubideak onartu zitzaizkion. Baina gerra horren ondorioz Espainiak Napoli, Sardinia, Toskana, Belgika eta Milanaldea galdu zituen, eta Gibraltar eta Menorca Ingalaterraren esku geratu ziren. Savoiako Maria Luisa lehen emaztea hiltzean, Elisabet Farnesekin ezkondu zen; Elisabeten eragina oso handia izan zen, eta Elisabeten bitartez Alberoni kardinalarena. Sardinia eta Siziliako zati bat berriro hartzean, Frantziak, Ingalaterrak, Holandak eta Inperioak Lauen Ituna osatu zuten, Cambraiko bakean Karlos printzeak Plasentzia, Parma eta Toskana oinordekotzan jasotzeko eskubidea onartu zelarik. Handik lau urtera, Luis bere semearen eskuetan utzi zuen koroa, baina hura hiltzean, Filipe V.ak berriro hartu zuen, eta Napoli eta Sizilia Karlosentzat konkistatu zituen. Bere azken urteetan eromen seinaleak erakutsi zituen.