Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Faysal ibn Abd al-Aziz

Saudi Arabiako erregea 1964-1975 urteetan (Riad, 1905 - Riad, 1975). Ibn Sauden semea eta Sauden anaia eta ondorengoa izan zen. 1962. urtetik aurrera Saudi Arabiako gizon ahaltsuena izan zen eta 1964ean erregetzatik kendu zuen bere anaia Saud. Aurreko erregeek baino politika eraginkorragoa bideratu zuen ekonomia eta hezkuntza alorretan eta, Jemengo erregezaleei laguntzeaz gainera, bat egin zuen gainerako estatu arabiarrekin Israelen aurkako gerran (1967). Iloba batek hil zuen 1975. urtean, eta Khaled anaiak hartu zuen haren lekua erregetzan.