Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Farrow, Mia

Estatubatuar antzezlea (Santa Monica, Los Angeles, 1945). John Farrow, zinemako zuzendari australiar ezaguna, eta Maureen O’Sullivan, Tarzan-en lagun ‘Jane’ pertsonaia antzeztuz ospetsu egin zen antzezlea, zituen gurasoak. Aitak kontra egin arren, Miak antzezle bokazioari jarraitu zion eta Broadwayn debutatu zuen Oscar Wilderen The Importance of Being Earnest lanean. 1964an lortu zuen benetako ospea telebistako Peyton Place komedian Alison McKenzieren papera jokatu zuenean. Lan horri esker, garai hartako gazteen idolo bihurtu zen. Frank Sinatrarekin ezkondu zen (1965-1968), eta, ondoren, André Previn musikariarekin (1970-1978). 1980ko hamarkadaren hasieran Woody Allen ezagutu zuen eta haren musa bihurtu zen. Elkarrekin bizi izan ziren, eta hainbat seme-alaba biologiko nahiz adopziozko izan zituzten. Zenbait film egin zituzten elkarrekin 1992an banandu ziren arte. Banaketa oso zaratatsua izan zen, Woody Allenen eta hark Mia Farrowrekin alabatzat hartu zuen Soon-Yi Previnen arteko sexu harremanak zirela-eta. Farrowren film ezagunenak hauek dira: Rosemary’s baby (1968), The Great Gatsby (1974), A Midsumer Nigth’s Sex Comedy (1982), Zelig (1983), Purple Rose of Cairo (1984), Hannah and Her Sisters (1986), Radio Days (1987), Alice (1990), Husbands and Wives (1992).