Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Farrakhan, Louis

(Jaiotza izena, Louis Eugene Walcott). Estatubatuar erlijio buruzagia (Bronx, New York, 1933). Bostonen bizi zelarik, Eliza Episkopaleko abesbatzako kantari izan zen eta biolin ikasketak egin zituen. Oso ikasle ona izan zen. Ipar Carolinako Irakasle Eskolan ari zenean, Hego Ameriketako arrazen arteko harremanak ezagutzeko aukera izan zuen. 1953an utzi zuen eskola, eta Bostonera itzuli zen. Betsy Rossekin ezkondu zen eta abeslari gisa atera zuen ogibidea. Jaialdi sail bat egiten ari zela, Malcolm X ezagutu zuen Roxburyn eta, artean Islameko Nazioaren (Musulman Beltzak) buruzagia zen Elijah Muhammad entzun zuen Chicagon. Walcott islamismora bihurtu zen 1955ean, eta handik aurrera Louis X deitu zioten. Malcolm X 1965ean hil zutenean, Louisek haren lekua hartu zuen Harlemgo ministro gisa, eta handik urte batzuetara, Islameko Nazioaren lider bihurtu zen. Elijah-ek izen berria eman zion, Louis Farrakhan. Islameko Nazioak beltzen separatismoa eta independentzia ekonomikoa aldarrikatzen zuen bere kide afrikar-amerikar guztientzat. 1970eko hamarkadaren amaiera aldera, Louis Farrakhan semitismoaren aurka zuen jarrera bortitzagatik nabarmendu zen, eta horrek Jesse Jacksonen gaitzespena ekarri zion. 1995ean milioi bat afrikar-amerikar bildu zituen Washingtonera joateko damu adierazpen gisako manifestazio batera.