Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fanon, Frantz

Antilletako psikiatra eta iraultzailea (Fort-de-France, Martinika, 1925 - Washington, 1961). Psikiatriaren alorrean, neurosi mota batzuek gizarte arazoek sortzen dituztela aldeztu zuen; soziologian, oso lan garrantzitsuak idatzi zituen kolonizaturiko herrien askapen prozesuari buruz. Bigarren Mundu Gerran Frantziako gudarostean aritu ondoren, psikiatria ikasketak egin zituen Lyonen, eta Aljeriara jo zuen 1953. urtean. Bertako Nazio Askapenerako Fronteko kide bihurtu ondoren, El Moudjahid egunkari klandestinoa sortu zuen Tunisian (1956), eta 1960an Ghanara bidali zuten Aljeria libreko enbaxadore. 1952. urtean Peau noire, masques blancs (1952, Larru beltza, mozorro zuriak) berak izandako bizikizunak azaltzen dituen liburua eman zuen argitara. Kolonialismoaren aurka eta iraultzaren alde idatzi zituen artikuluek eta liburuek berebiziko eragina izan zuten kolonietako munduan, baita Euskal Herrian ere: L’an V de la révolution algérienne (1959, Aljeriako iraultzaren V. urtea), Les Damnés de la Terre (1961, Lurreko kondenatuak), Pour la révolution africaine (1964, Afrikako iraultzaren alde).