Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

faila

iz. Geol. Lurrazaleko geruza baten haustura bertikala, etzana edo zeharkakoa, konpresiozko edo deskonpresiozko indar tektonikoek eragina. Lurrazalaren barruan harri geruzek jasaten dituzten presioak eta tentsioak muga jakin bat gainditzen dutenean, harri geruza horiek hautsi egiten dira alderik ahulenetatik. Sortzen diren hausturak neurri askotakoak izan daitezke: txikiak edo kilometro askotan zehar luzatzen direnak. Faila batean alderdi hauek bereizten dira: failaren blokeak, failaren jauzia eta failaren planoa. Faila mota asko dago eta failaren planoa nola dagoen eta blokeen toki aldaketa norantz egin den kontuan hartuz sailkatzen dira. Garrantzitsuenak hauek dira: faila normala (failaren planoa bloke hondoraturanz okertua duena), faila bertikala (failaren planoa bertikala duena), alderantzizko faila (failaren planoa bloke altxatuaren aldera okertuta dagoenean), faila horizontala (bi blokeen arteko leku aldaketa horizontala denean, jauzi bertikalik gabea), errotazio faila (hondoratu den blokeak ardatz horizontalarekiko mugitu duenean). Faila batzuk goi-ordoki bat eratuz eskaileran daudenean, mendilerro tektoniko edo “horts” bat dela esaten da. Alderantzizkoa gertatzen denean, hau da, eskaileran dauden faila batzuk zanga gisara eratzen direnean sakana dela esaten da.