Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Evans, Geraint

Galestar opera abeslaria (Cilfynydd, 1922 - Aberystwyth, 1992). Oso gazterik hasi zen abesten; 4 urte zituela urrezko domina irabazi zuen lehiaketa batean eta gaztetan irratiko iragarki batean bakarlari gisa abestu zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren gudarosteko irratian lan egin zuen. 1948an Londresko Covent Garden opera konpainian sartu zen; Die Meistersinger operarekin egin zuen debuta. Hurrengo urtean Figaro abestu zuen eta mundu guztian zehar birak egin zituen opera horrekin. Falstaff operarekin ere ospe handia lortu zuen nazioartean; harekin egin zuen debuta New Yorkeko Metropolitan aretoan, 1964an. Lan aipagarriak egin ditu, orobat, A Midsummer Night's Dream operako Bottom, Peter Grimes operako Balstrode, Xirula miragarria operako Papageno eta L'Elisir d'amore operako Dulcamara interpretatuz. Britainiar baritono handienetakoa izan zen.