Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Europako Giza Eskubideen Auzitegia

1950ean Giza Eskubideen Europako Egiunea izenpetu zuten herrialdeek gobernuen zapalketa ekintzak eragozteko sortutako auzitegia. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Alemaniako erregimen nazionalsozialistak egindako sarraskien ondoren batez ere, Europako agintari gehienak bat etorri ziren nazioarteko erakunderen bat antolatu beharraz, herritarrek beren nazioetan hartzen zuten tratua gainbegiratzeko. Gerra krimenengatik Nurenbergen egin ziren epaiketetan argi geratu zen nazioarteko auzitegiaren ideia egingarria zela. Hala, estatuek herritarren izenean beste nazio batzuk salatu ahal izango zituen organismo bat eratzea erabaki zen. Egun, egiune hura izenpetu zuten ia herrialde guztiek auzitara zuzenean jotzeko eskubidea utzi diete herritarrei, eta epaitzen diren auzi gehienak herritarrek beren gobernuen kontra jarritakoak dira. Egiuneak Europar Batasunak baino kide gehiago ditu, eta Batasuneko kide guztiek izenpetu dute. Auzitegia herrialde izenpetzaile bakoitzeko epaile banaz osatuta dago, eta Frantziako Estrasburgoko hirian du egoitza. Egiuneak oinarrizko eskubideak babesten ditu, hala nola adierazpen eskubidea, bilera egiteko eskubidea, erlijio eskubidea, etxearen eta familiaren bortxaezintasuna, eta zuzentasunez epaitua izateko eskubidea. Eskubide bakoitza termino orokorretan adierazita dago eta salbuespen batzuk ditu: adibidez, gobernuek adierazpen eskubidea murriztea onartzen da, gizabanakoen entzutea edo ohiturak babesteko. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak adierazitako doktrinaren arabera, gobernu nazional bakoitzak "irizpen tarte" bat du oinarrizko eskubideak defendatzeko, hartu beharreko neurriak zehazteko eta saslbuespenak erabakitzeko. Gobernuek lege kontu bakoitzari dagozkion interesak orekatzeko betebeharra dute: adierazpen eskubidea eta adierazpen eskubidea erabiltzen ari direnek inoren izena ez zikintzea eskubidea berriro ere. Izan ere, auzitegian plazaratzen diren gai askok konplexutasun handiko gai moralak dakartzate beraiekin eta auzitegiaren iritzian hobe da erabaki horiek gobernu demokratikoen esku uztea. Horrela, estatuek legez dagozkien funtzioak gainditzen dituztenean edo eskubide horiek behar bezala babesteko gai ez direnean bakarrik hartzen du parte auzitegiak. Organismo horren lanaren parte handi bat auzi jakin baten aurrean gobernuak duen jarrera "irizpen tarte" horretan sartzen den ala ez erabakitzea da. Neurritasun politika hori gorabehera, auzitegia gai eztabaidagarrietan nahasten da sarritan, gobernu baten kontra jotzen duenean batez ere. 1995ean, adibidez, auzitegiak erabaki zuen Britainia Handiko gobernuak bere irizpen tartea gainditu zuela eta arriskuan jarri zuela terrorismoaren aurka jotzeko dagoen legezko auzibidea, Gibraltarren hiru terrorista atxilotzeko agindu eta hirurak hil zirenean. Auzitegiak Europako Giza Eskubideen Batzordearen laguntza jasotzen du; auziek auzitegiraino iritsi beharko luketen erabakitzen du batzorde horrek, adibidez. Izan ere, askotan, herrialdeetako auzitegiek auzilarien kontrako erabakia hartzen dutenean, auzilariek oinarrizko eskubideak urratu direla argudiatzen dute, beren herrialdeko auzitegien erabakia deuseztatzeko asmo hutsez, baina hori ez da Europako Auzitegiraren zeregina.