Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eskoriatza

Gipuzkoako udalerria (Debagoiena). Mugak: iparraldean Arrasate eta Aramaio (Araba), ekialdean Aretxabaleta, mendebalean Aramaio, eta hegoaldean Gatzaga eta Barrundia (Araba). Goratasuna 275 m. 40,4 km2. 1997ko datuen arabera, 3.898 biztanle ditu, aurreko erroldan baino askoz gutxiago (eskoriatzarrak). Auzo hauek osatua da: Apotzaga, Bolibar, Eskoriatza, Gellao, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz. Deba ibaia igarotzen da udalerritik. Euskara, bizkaiera; hizkuntza banaketa 1996an: 2.206 euskaldun, 596 ia euskaldun eta 1.128 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusia industrian (metalurgia, doikuntza industria, makineria, zurgintza, ehungintza) oinarritua da. Aipagarria da Joan Mondragoikoak XVII. mendean sortu zuen Errosarioko erietxea. Udalerriaren eremuetan dagoen Aitzorrotz mendian ba omen zen gaztelu sendo bat XII. mendearen hasieran.  v  Historia. XV. mendearen hasieran Eskoriatza Arabari lotu bazitzaion ere, mendearen bukaeran Gipuzkoaren barne geratu zen berriro ere Errege Katolikoen aginduz. Filipe IV.ak, 1630. urtean udaletxe beregainaren eskubideak eman zizkion herriari. Konbentzioko gerrak, Independentziako Gerrak eta Karlistadek biziki ahuldu zuten herri horretako ekonomia.